PAPEREKOA

Zeure buruari erronkarik jarri al diozu ikasturte berrirako?

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko urr. 9a, 13:24

Urriko KARKARAn, Herrian Galdezka atalean, ikasturte berrirako erronken inguruan galdetu diegu hiru herritarrei: Andoni Urangak, Migel Nacentak eta Intza Unanuek eman digute beren asmoen berri, eta erronka kolektiboa ere bota die Unanuek herritarrei.

ANDONI URANGA

Ikasturtearen hasierak baino urtearen hasierak gehiago motibatzen nau neure buruari erronkak jartzeko orduan, baina, egia esan, ikasturte hau asmo berri dezenterekin hasi dut. Donostiako Hizkuntza Eskola Ofizialean izena eman dut frantsesa eta alemana ikasteko, eta gustatuko litzaidake bizitza ohitura osasuntsuagoak hartzea ere. Ez dut esan nahi kirola egiten topera hasteko asmoa daukadanik, baina ondo legoke zerbait egiten hasiko banintz. Horrez gain, lanez aldatu nahiko nuke, baina ez oraingo lanean gustura ez nagoelako, irakasle izateko ikasketak egin ditudalako baizik. Ea aurki deitzen didaten epe luzerako eskaintzaren batekin. Horiek guztiak betetzen badira, ez da ikasturte txarra izango.

 
MIGUEL NACENTA

Neure buruari jarri diodan erronka nagusia ariketa fisikoa egiten jarraitzea da. Lehen ere kiroldegiko jardueretan parte hartu izan dut, baina udan atsedenaldia hartu dut, eta duela bi aste heldu genion berriz ikasturte berriari kiroldegian. Bat-batekoa izan da aldaketa, ariketa egiten hasi naiz eta badirudi nire gorputza aktibatu egin dela; oso ondo sentitzen naiz. Horrez gain, irakurtzea eta zinemara joatea ere asko gustatzen zait. Azkenaldian, esaterako, Donostiako Trueba Zineman arte proiekzioen zikloa eskaini dute, eta bertan izan gara; benetan interesgarria izan da. Orain, berriz, Principe Zineman opera proiekzioak abiatu dituzte. Lehenengo saiora ezin izan nuen bertaratu kanpoan nintzelako, baina gainontzekoetara joateko asmoa dut.

 

INTZA UNANUE

Ikasturtea berria hasten den bakoitzean bezala, oraingoan ere jarri dizkiot erronkak neure buruari. Udaz gozatu dut zentzu guztietan, baita jateko kontuetan ere, eta urritik aurrera hobeto jaten hasi nahiko nuke; hori da nire lehen erronka. Bestetik, ohi baino Itxaspeko buelta gutxiago eman ditut azken hilabeteetan, eta kirola egiten hastea ere jarri dut helburutzat. Gainera, lagunekin egoteko tartea ere hartu nahi nuke, bakoitza gure errutinan eta eginbeharretan sartzen denean, kosta egiten zaigulako. Horrez gain, erronka kolektibo bat bota nahi nieke herriko gazteei: Ostiraltxoak berpiztea. Izurritearen aurretik parrandatxo politak botatzen genituen ostiraletan herrian, eta ez dugu ohitura hori berreskuratu oraindik. Beraz, orain dugu horretarako aukera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide