Kultur ekitaldiz beteta iritsi da udazkena

Aitziber Arzallus 2022ko urr. 5a, 14:50

ATX Teatroaren 'Oihana' antzezlana.

Ikus-entzunezko emanaldiak, ipuin kontalarien saioak, antzerkia, bakarrizketak, kontzertuak… Kultur egitarau bete-betea prestatu du udalak udazkenerako. Ostiralean, urriko KARKARA aldizkariarekin batera, Orioko eta Aiako herritarrek etxean jasoko dute Orioko Udalak prestatu duen kultur egitaraua.

Datozen hiru hilabeteetarako prestatu dituen kultur jardueren berri eman du Orioko Udalak, eta egitarauari begiratua emanda, esan liteke udazkena kultur programa bete-betearekin iritsi dela. Ostiralean ekingo diote egitarauari, Urak aske dokumentalarekin emanaldiarekin, kultur etxean, 18:30ean. Artikutzako Enobieta urtegiaren hustuketa du ardatz ikus-entzunezko lanak, eta horren ostean, Arturo Elosegi EHUko biologo eta ibaien ekologian adituarekin solaserako tartea izango da. Orioko bizilaguna da Elosegi, eta Artikutzako urtegia husteko lanetan parte hartu du. Ikus-entzunezkoei dagokienez, besteak beste, Zehar Kable sormen taldearen Belarri Bero, bai esan? websaila ere izango da ikusgai azaroan.

Haurrentzat eta gaztetxoentzat ipuin kontaketa saioak ere antolatu ditu udalak. Ines Bengoa eta Miriam Mendoza kontalariek eskainiko dituzte saio horiek, urrian, azaroan eta abenduan. Santa Zezilia egunean —azaroak 22—, berriz, Danbolin musika eskolako ikasleak kalera aterako dira beren eguna ospatzera, kultur etxetik Herriko Plazara, kalejiran.

Horietaz aparte, Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) eta Ahalduntze Eskolak antolatuta, bi bakarrizketa saio ere izango dira azaroan kultur etxean: bata, azaroaren 3an, Juan Kruz Gurrutxagaren Arranopola!; eta bestea, azaroaren 4an, Beatriz Egizabalen Magma mia!, Mintzalagun programaren irekiera ekitaldi gisa.

Musikarik ere ez da faltako. Besteren artean, Joseba Tapia trikitilariak doako kontzertua emango du urriaren 29an, larunbatarekin, Herriko Plazan; eta literatura eta musika uztartzen dituen Xabier Leteren omenezko Txori kantazale ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da abenduaren 2an, kultur etxean.

Sanikolasetako eta Gabonetako programazioa, datak hurbildu ahala jakinaraziko du udalak.

Udazkeneko kultur programa

Urria

  • Urriak 7. Urak aske dokumentalaren emanaldia eta solasaldia Arturo Elosegi EHUko biologo eta gaian adituarekin. 18:30ean, kultur etxean.
  • Urriak 17. Miriam Mendoza ipuin kontalaria, 3-6 urte arteko haurrentzat. 17:30ean, kultur etxean.
  • Urriak 22. ATX Teatroaren Oihana dantza eta antzerki ikuskizuna. 19:30ean, kultur etxean. Sarrera: hamar euro.
  • Urriak 29. Joseba Tapiaren kontzertua. Herriko Plaza, 20:00tan.

Azaroa

  • Azaroak 3. Arranopola! Juan Kruz Gurrutxagaren bakarrizketa saioa. Mintzalagun programaren hasiera ekitaldia izango da, Urola Kostako Udal Elkartea antolatuta. 18:30ean, kultur etxea.
  • Azaroak 4. Magma mia! Beatriz Egizabalen bakarrizketa, ahalduntze eskolak antolatuta. 19:30ean, kultur etxea.
  • Azaroak 5. Arraun surf jaialdia, Herriko Plazan.
  • Azaroak 11. Zehar Kable sormen taldearen Belarri Bero, bai esan? websailaren emanaldia eta solasaldia. 18:30ean, kultur etxean.
  • Azaroak 11-20. San Martin jaiak Ortzaika auzoan.
  • Azaroa 17. Jon Zubiagaren Buah Txabal! antzezlana. 19:00etan, kultur etxea.
  • Azaroaren 18tik abenduaren 2ra. Euskaraldia.
  • Azaroak 21. Ines Bengoa ipuin kontalariaren saio, 5-8 urte arteko haurrentzat. 17:30ean, kultur etxean.
  • Azaroak 22. Santa Zezilia eguneko kalejira, Danbolin Musika Eskolaren eskutik. 17:00tan, kultur etxetik Herriko Plazara.

Abendua

  • Abenduak 2. Xabier Leteren omenezko Txori Kantazale literatura eta musika ikuskizuna. 19:30ean, kultur etxean. Sarrera: bi euro.
  • Abenduak 3. Euskaraz Gazte literatur lehiaketaren sari banaketa ekitaldia. 12:00etan, kultur etxea.
  • Abenduak 5-8. San Nikolas jaiak.
  • Abenduak 19. Miriam Mendoza ipuin kontalariaren saioa, 3-6 urte arteko haurrentzat. 17:30ean, kultur etxean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide