Jabier Puertasek emaitza txukunak erdietsi ditu Frantziako Libourne herrian jokatu duten World Rowing Masters Regatta txapelketan. Orio Arraunketa Elkarteko kirolariak bi kategoriatan jardun du: atzo, 60-64 urteko mailan, bera baino gazteagoen aurka, Puertasek 70 urte baititu; eta gaur, bere adinekoen kategorian lehiatu du, 70-74 urteko mailan, hain zuzen.
Atzokoan, 139 kirolarik parte hartu zuten, hemezortzi txandatan. Oriotarra hamazazpigarren seriean uretaratu zen, beste sei arraunlarirekin batera, eta horien artean hirugarren bukatu zuen. Joaterako esan zuen, ordea, atzokoa entrenamendu gisa hartuko zuela.
Gaur, berriz, 70-74 urteko mailan, lehen txandan uretaratu da Puertas. Bere seriean hirugarren egin du eta, denera, 57tik hamabigarren bukatu du oriotarrak.
Libournekoa aulki mugikorreko beteranoen munduko txapelketako arraun hitzordu garrantzitsua da. 710 arraun elkartetako 4.300 ontzi baino gehiago ari dira lehiatzen, eta bost egunetarako 600 txanda inguru dituzte aurreikusita.