Udako oporraldia bukatuta, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak aurki ekingo die Orion ohikoak dituen jarduerei; hala nola, ibilaldi osasungarriei eta ipar martxa ibilaldiei. Edozein herritarrek egiteko moduko jarduerak dira, astean behin gauzatuko dute horietako bakoitza, eta saioek ordu eta erdi inguruko iraupena izango dute.
Ipar martxa ibilaldiak egiten hilaren 15ean hasiko dira, eta hortik aurrera, ostegunero elkartuko dira, 10:00etan, anbulatorio parean. Ibilaldi osasungarriekin, berriz, hilaren 20an hasiko dira, eta asteartero elkartuko dira, 10:00etan, anbulatorio parean. Oinez bost kilometro inguruko ibilbidea osatu ohi dute parte hartzaileek.
Jardueraren helburua da herritarren artean bizimodu osasungarria sustatzea, minbizia bezalako gaixotasunak izateko arriskua murrizten laguntzeko. Egitasmoan parte hartzea doakoa da, eta edonork parte har dezake.
Bi jarduera horietakoren batean parte hartu nahi dutenek, 943-45 77 22 telefono zenbakira dei dezakete, gipuzkoa@contraelcancer.es helbidera idatzi, edota zuzenean jarritako hitzordura azaldu.
Erretzeari uzteko terapia
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko prebentzio arloak erretzeari uzteko doako talde terapia zerbitzua ere eskaintzen du, eta irailean ere taldea martxan jarriko du. Psikologo aditu batek gidatzen du terapia hori, zortzi aste irauten ditu, eta antolatzaileek azaldu dutenez, %60ko arrakasta tasa du. Terapia online edo aurrez aurrekoa izan daiteke.
Erretzeari uzteko terapian izena emateko azken eguna irailaren 11 izango da. Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute 943-45 77 22 telefono zenbakira deituta edo gipuzkoa@contraelcancer.es helbidera idatzita.