Arazo teknikoak izan dira protagonista gaur arratsaldean Zarautzen jokatu den Eusko Label ligako jardunaldian. Estropada normal hasi da, baina bigarren txandan lehenengo kaleko baliza irentsi du itsasoak traineru batek jo ondoren, eta saiatu diren arren baliza berriz jartzen, azkenean, eta tirabira dezenteren ondoren, erlojuaren kontrakoa jokatu dute ohorezko txandako lau traineruek.
Orio Orialki izan da irteten aurrena, eta baita azkarrena ere ia estropada osoan zehar, Hondarribia eta Urdaibai baino denbora hobeak eginda. Dotore egin dute arraun oriotarrek, eta 20:43 denborarekin helmugaratu dira. Azken luzean, ordea, Urdaibaik hiru segundo kentzea lortu du, eta Hondarribiak ere aurrea hartu dio ehuneneko batzuengatik.
Garaipena eskura izan dute OAEko mutilek, baina azkenean, ezin izan dute ligako bigarren garaipena lortu. Dena den, bihar erabakiko da Zarauzko Banderako irabazlea, eta denborak ikusita, oriotarrek aukera ederra dute bandera etxeratzeko.