Amaitu berri da KAE1 ligako asteburu honetako lehen jardunaldia. Zarauzko uretan jokatu da estropada, eta Sanpedrotarrak eskuratu du garaipena, eta baita liga ere. Bigarren txandan lehiatu den Castro izan da bigarrena, eta Arkote, berriz, hirugarrena.
Orio Orialki aurreneko txandan aritu da eta, ohi bezala, gertu izan ditu gaur ere zaleak. Gogor egin dute arraun OAEko harrobiko mutilek, baina sailkapen orokorrean gertu-gertu duen Busturialdea finago ibili da gaurkoan, eta aurre hartu dio Oriori. Zazpi segundoko aldeagatik, baina azken postuan amaitu dute gaurko estropada oriotarrek.
Gainera, bost puntu garrantzitsu eskuratu ditu gaur Busturialdeak, eta sailkapen orokorrean oriotarren azpian egotetik horien gora egotera pasatu dira.
Kontuak kontu, oriotarrek esperientzia hartuz jarraitzen dute, eta bihar ere ahalik lan txukunena egitera aterako dira Bilboko uretara. Banakako erlojupekoa jokatuko dute han, 12:00etan hasita.