Orioko Udalak jakinarazi du datorren astean, hilaren 22tik 26ra, ezingo dela erabili plazaren ondoan dagoen igogailua. Izan ere, lur berria jarriko du zati horretan, eta oinezkoen pasabidea itxita egongo da lanek iraun bitartean.
Udalaren arabera, saiatu dira gunea irekita mantentzen, baina pasabidea estuegia da herritarren segurtasuna mantentzeko, eta horregatik erabaki dute eremua ixtea.
Astelehenetik ostiralera egongo da itxita bidea printzipioz; lana egiteko denbora gehiago behar balute, berriz, astebururako zabaldu egingo lukete, eta asteburua pasatzean berriro itxi. Udalak barkamena eskatu du sor daitezkeen eragozpenengatik.
Bestalde, udalak jakinarazi du obra honekin amaituko direla San Nikolas kaleko lanak; maiatzean hasi zituen lan horiek.