Imanol Alguacil prest dago igandean futbol ligari ekiteko Realaren gizonezkoen lehen taldea gidatuz. Etxean jokatuko dute, Reale Arenan, eta "ilusioz" daudela esan du gaur emandako prentsaurrekoan: "Izugarrizko ilusioarekin gaude. Partida handia da, eta giroa ere ikaragarria izango da".
Alguacilek badaki aurrean izango duten taldea ez dela edozein. "Barça talde handia da, entrenatzaile eta jokalari oso onekin. Jokalari berriak dituzte, eta urtero bezala, goiko postuetan egongo dira", iritzi dio. Dena den, oriotarra ez da kikilduko kataluniarren aurrean: "Asmoa, beti bezala, garaipena lortzea da. Helburua argi daukagu, eta horren bila joango gara", esan du.
Herrian realzale asko dago, eta beste urteetan bezala, aurten ere autobusa antolatzen ari dira Realak etxean jokatuko dituen partidak ikustera joateko.