Orioko Udalak hainbat film emanaldi prestatu ditu uda honetan zinemaz aire zabalean gozatu ahal izateko, eta hurrengo hitzordua datorren astean izango da, abuztuaren 26an, ostiralarekin.
Stardog & Turbocat marrazki bizidunen film ezaguna ikusteko aukera egongo da; euskaraz izango da emanaldia. Izan ere, Zineuskadiren Zinema Euskaraz programari esker itzuli zuten filma euskarara 2020an.
Adin guztietako ikusleentzat aproposa da filma, eta 22:00etan hasiko da, hondartzan. Ordu eta erdi iraungo du.
Irailean azken emanaldia
Bestalde, udalak jakinarazi du irailaren 9an, ostiralarekin, izango dela denboraldi honetako aire zabaleko azken film emanaldia. Toki eta ordu berean izango da hitzordua.
Elfkinak filma emango dute, uztailean bertan behera geratu zena.