Euskotren liga irabazi du Orio Orialkik, matematikoki

Amaia Urbieta Arruti 2022ko abu. 14a, 12:16

Orio Orialkiren trainerua, atzoko Ondarroako estropada irabazi ondoren. (Aitor Agirrezabala)

Bi jardunaldiren faltan, matematikoki irabazita dauka Euskotren liga Orio Orialkik. Hori gutxi balitz, Caixabank Bandera eskuratu du gaur, Arraun Lagunakekin lehia estu-estua izan ondoren. 

Garaipen bikoitza eskuratu du gaur Orio Orialkik: Caixabank Bandera, eta Euskoten liga (matematikoki). Oker handirik ezean, liga amaitzeko bi jardunaldi falta badira ere, ligako irabazle izango da Orio. Ondo kostatako garaipena izan da, ordea, lehia estu-estua izan baitu Arraun Lagunakekin. 

Lehen kaletik egin du arraun Oriok, Castroko (Kantabria, Espainia) uretan. Estropadaren hasieran buruan izan da, baina pare-parean heldu dira ziabogara Arraun Lagunak eta biak. Itzulerako luzean aurrea hartu du Arraun Lagunakek, baina Oriok oso gertutik jarraitu dio, eta azkar batean segundo berean jarri dira bi traineruak. Azkenean, fotofinish-ari begiratu behar izan diote irabazlea erabakitzeko eta, 0,14 segundogatik izan da Oriorentzat bandera. 

Datorren asteburuan Zarauzko Ikurriña izango dute jokoan, eta ondo bidean, Euskotren ligako bandera altxatuko dute bertan. Behin estropada horiek amaituta, Kontxako lehiara begira ipiniko dira oriotarrak. 

20:00etan harrera

Badu zer ospatua gaur Orioko herriak. Bi bandera eskuratu ditu asteburuan emakumeen traineruak eta liga ere poltsikoratuta daukate. Arraunlariei merezi duten harrera egiteko, 20:00etan ipini du hitzordua arraun elkarteak, ohi bezala, herriko plazan. 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide