Ondarroak hartu du gaur arratsaldean Euskotren ligako hamaikagarren estropada puntuagarria, IV Ondarroako Bandera Cikautxo SN, hain zuzen. Aurreko estropadetan bezala, Orio Orialkik eta Donostia Arraun Lagunakek borroka estua eskaini dute lehen paladetatik. Lan erditarako segundo bateko aldea ez zegoen ziaboga lehen postuan eman duen Orio eta bigarren eman duen Arraun Lagunaken artean: 5:21 lehenek eta 5:22 bigarrenek. Donostiarra (5:24) eta Tolosaldea (5:27) ez ziren oso urruti.
Joaneko luzean bezala, bueltakoan ere borroka mantendu dute ligako lehen postuan doazen bi ontziek. Hortzak estutu eta arraunean jarraitu dute oriotarrek garaipena ziurtatu arte. 10:38,24 denbora egin du Orio-Orialkik Ondarroan, Donostia Arraun Lagunakek baino hiru segundo gutxiago (10:41,48). Donostiarra izan da hirugarren (10:44,06) eta Tolosaldea laugarren (10:49,18).
Ligako hamaikagarren estropadaren ondoren, lider jarraitzen du Oriok 42 punturekin. Donostia Arraun bigarren da, 35 punturekin; Donostiarra hirugarren, 18 punturekin, eta Tolosaldea laugarren 15 punturekin.
Atsedenerako denborarik gabe, bihar bertan izango dute hurrengo estropada Euskotren ligako lau ontziek. Kantabrian izango dute hitzordua, Castro Urdialesen jokatuko den IV. Caixabank bandera, hain zuzen. 11:40ean hasiko da estropada.