Orio Orialki lider jarri da Euskotren ligan, atzoko eta gaurko garaipenei esker. Atzo etxean, eta gaur Zierbenan, Patxi Frances entrenatzailearen neskek hasieratik egin dute gogor, hasieratik jarri dira aurretik, eta hala jarraitu dute estropada osoan zehar. Oriok lehenengo luzean hiru segundo atera dizkio Arraun Lagunak taldeari, eta ziabogatik irten eta gutxira sei segundora jarri dira. Amaitu ere, alde horrekin amaitu du Oriok; bigarrenari ia zazpi segundoko aldea aterata.
Sailkapen nagusian bi puntuko aldearekin jarri da lider, guztira lau garaipen eskuratuta, eta hurrengo asteburuan atsedena izango dute, ez baita estropadarik egongo Euskotren ligan. Astelehenean, hori bai, Euskadiko Txapelketa jokatuko dute.
Estropada amaitu berritan Mireia Uranga arraunlariak hitz egin du ETB1entzako: "Atzoko estropada ahaztu, eta hutsetik hastea zen helburua gaur. Patxik esaten digu kartolak jarri eta gure lana egin behar dugula hasieratik bukaerara, eta horretan saiatu gara. Taldean oso gustura ari gara, lanean jarraitzeko gogotsu. Kostatu zaigu blokea egitea aurten, baina pixkanaka hartzen ari gara arraunkera, eta estropadatik estropadara ari gara asmatzen".
Gaurko sailkapena
1. Orio Orialki 10:38,72
2. Arraun Lagunak (+6,9)
3. Donostiarra (+8,4)
4. Tolosaldea (+18,6)
Sailkapen orokorra
1. Orio Orialki 22 puntu
2. Arraun Lagunak 20 puntu
3. Donostiarra 11 puntu
4. Tolosaldea 7 puntu