Laugarren postuagatik gogor borrokatu du Orio Orialkik etxeko estropadan

Onintza Lete Arrieta 2022ko uzt. 16a, 19:59

Orio, Coruñan jokatutako bigarren jardunaldian (Argazkia: Aitor Arrizabalaga)

Hondarribiak eskuratu du Orioko XXXII. Estropada-Orio Kanpina X. Bandera, Donostiako traineruarekin lehia bizia jokatuta.

Hirugarren txandan atera da gaur arratsaldean Orio Orialki herriko uretan, Eusko Label ligako estropada berezia irabazteko irrikaz. Orioko XXXII. Estropada-Orio Kanpina X. Banderaren lehian, txanda berean lehiatu dira Hondarribi, Urdaibai eta Donostiarra.

Lehenengo luzean atzeratzen joan da Orio, eta estropadan asko sufrituta, laugarren postuagatik borrokatu du, eta baita lortu ere. Izan ere, bosgarren egin duen Zierbenaren denboratik gertu ibili da estropadan.

Lehia estua izan da gaurkoan ere ohorezko txandako traineruen artean: aurrena Urdaibai eta Donostiarraren artean egon da borroka, baina bigarren luzean Hondarribiak hartu du lidertza, eta hirugarren luzetik aurrera Donostia eta Hondarribiaren artean egon da banderarako lehia. Hondarribiak lortu du, azkenean, bandera.

Estropadan izan da gorabeherarik, lehen txandan, bi galiziarren traineruek elkar jo dutelako azken metroetan. Helmugara iritsi dira Cabo eta Ares, baina epaileek erabaki dute biak zigortzea eta estropadatik kanporatzea.

SAILKAPENA

1. Hondarribia (20:22)

2. Donostiarra (+3,5)

3. Urdaibai (+11,44)

4. Orio (+22,8)

5. Zierbena (+23,46)

6. Kaiku (+24,30)

7. Lekittarra (+29,04)

8. Ondarroa (+33,56)

9. Getaria (+37,92)

10. Itsasoko Ama-Sotera (+48,68)

*Ares eta Cabo deskalifikatuta gelditu dira

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide