Iosu Esnaola: "Jendearengan ilusioa piztu dute aurreneko estropadetako emaitzek"

Onintza Lete Arrieta 2022ko uzt. 4a, 18:00

Iosu Esnaola, artxiboko irudian.

Asteburuko garaipenak "arraunlari neska zein mutilek negu osoan egindako lanaren saria" izan direla uste du OAEko presidenteak. Ligei buruz baikor bezain zuhur mintzatu zaio KARKARAri. Asteburuko bi jardunaldiak, berriz, eguraldiagatik kolokan daudela aurreratu du.

Asteburuan hasi dira Eusko Label eta Euskotren ligak, eta hasierarekin "oso-oso gustura" gelditu da Iosu Esnaola OAE Orio Arraunketa Elkarteko presidentea. Ez alferrik, bandera bana etxeratu dute neskek eta mutilek. Neskek, atzo, asteburuko bigarren jardunaldian; mutilek larunbatean, ligako estraineko lehian.

Garaipenok "jendearengan ilusioa piztu" dutela uste du Esnaolak, eta "arraunlari neska zein mutilek negu osoan egindako lanaren saria" izan dela. Bere ustez, "entrenatzaileek ere erakutsi dute ondo ari direla".

Baikor mintzatu da presidentea, baina baita zuhur ere: "Geure buruarengan sinistu behar dugu; izan ere, behin garaitzen duenak bi aldiz garai dezake. Baina aurten harrituta nago liga hasieran ikusi dudan lehiarekin; bereziki parekatuta egongo dira ligak, batez ere mutilena. Bost taldek erakutsi dute ikaragarrizko maila, eta akatsik txikiena sekula baino garestiago ordainduko da aurten. Dena den, uda oso luzea izango da eta ikusteko dago zer gertatzen den".

Neskei dagokienez, aurreneko jardunaldia Arraun Lagunak taldeak irabazi ondoren, atzoko garaipenak "balio bikoitza" duela uste du Esnaolak: "Arraunek estropada ona egin zuen larunbatean, eta atzo, berriz, guk ez genuen baldintza onenetan jokatu, eta hala ere, asmatu egin genuen. Horregatik, balio bikoitza du atzokoak, eta erakutsi dugu beraiek adina bagarela".

Galiziako estropadak, airean

Atzo iluntzeko errezibimendu beroaren ostean, burua datorren asteburuko lehian dute jada arraunlariek eta zuzendaritzako kideek.

Esnaolak aurreratu du kolokan daudela Coruñako (Galizia) estropadak eguraldi iragarpena dela eta. "Bi metroko olatuak daude iragarrita, eta irteera hondartzatik denez, ezingo genuke baldintza horietan estropadarik jokatu. Asteak aurrera egin ahala ikusiko dugu aldaketarik dagoen ala ez, momentuz zalantzan dago dena".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide