Emakumeek saio aparta egin dute larunbat arratsaldean, Donostiako Arraun Lagunak 7,08 segunduko aldearekin atzean utzita. “Aurretik goaz, baina bandera bihar erabakiko da” adierazi du Nadeth Agirre patroiak. Denbora-tarte horixe izango da igandeko jardunaldian bigarren postuan geratuko balira ere bandera eramateko izango luketeena.
Lehen jardunaldian kanpoko kaletik “oso gustura” ibili direla dio Agirrek. “Hala ere, ziabogan buelta ematea kostatu zaigu, eta bueltan ez dugu horrenbesteko alderik atera”, aitortu du hala ere. Gaurkoari esker, dena den, Eusko Tren ligako sailkapen nagusiko lehen postuari eusten diote orioko neskek, 11 punturekin. Donostiarrak dituzte atzetik, puntu bakarreko aldearekin. Liga “oso berdinduta joatea” aurreikusten du Agirrek.
Gizonezkoak
Oria-Orialkiko mutilak azken txandan neurtu dira, laugarren kalean. Talde horia hasieran atzean geratu bada ere, arraunkerari buelta ematen jakin du, eta bigarren iritsi da: Bermeo Urdaibai baino zazpi segundu beranduago, eta Hondarribi baino hiru lehenago. Gauzak horrela, 32 punturekin, Orioko gizonezkoek sailkapen nagusian lehen postua partekatzen dute Donostiarrarekin, oraingoz. Gertu dute Hondarribia, puntu bakar bat beherago. Biharko jardunaldian ebatziko da Coruñako bandera.