"Zaletasuna baino gehiago, bizitza estilo bat da ‘casteller’-ona"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2022ko eka. 16a, 14:49

Oriol Bove behean dagoen 'casteller'-a da. (Utzitakoa)

Igandean hitzordu berezia da, Vilafrancako ‘casteller’ taldeak 2018an osatutako bederatzi solairuko dorrea omenduko dute udaletxean plaka jarriz eta saio berria eginez.

Kataluniako Vilafrancako casteller taldeak 2018ko uztailaren 14an herriko plazan bederatziko giza dorrea egin zuen, Euskal Herrian egindako altuena. Hala, ohiturari jarraituz, plaza Plaça de nou izendatuko dute 11:30ean, plaka jarriz udaletxean eta saio berria eginez. Horren harira, Oriol Bove taldekideak (Vilafranca del Penedes, Herrialde Katalanak, 1992) casteller-en munduaz azalpenak eman dizkigu. 

2018an bederatzi solairuko giza dorrea egin zenuten. Garrantzitsua izango zen hori taldearentzat, ezta?
Bai. Katalunian bederatzi solairuko giza dorrea egitea nahiko erraza da colla edo talde handiontzat, baina Kataluniatik kanpo osatzea beste kontu bat da. Izan ere, giza dorre bat egiteko jende asko behar izaten da oinarria sendotzeko, eta kanpora ateratzen garenean ez da horren erraza izaten taldeko kideak mobilizatzea. Horregatik, tokian tokiko herritarren laguntza behar izaten dugu dorre handiak egiteko. 2018an, esaterako, oriotarrek harrera paregabea egin ziguten, eta dorrearen oinarria egiten lagundu ziguten; hala, oriotarrei esker osatu genuen bederatziko dorrea. 
Horrez gain, niretzat berezia da Orio, Vilafrancako casteller taldeko kide izan aurretik, herriko beste entitate bateko kidea bainintzen, Falcons de Vilafrancakoa, eta garai hartatik lagun asko ditut han. 

Zer moduz sentitzen zarete Euskal Herrian?
Euskal herritarrak oso abegitsuak dira, eta harreman berezia sortzen da geure artean. Nik lagun asko ditut Euskal Herrian, eta beti oso eroso eta gustura sentitzen naiz joaten naizenean.

Giza dorreek Kataluniako kultura zabaltzen laguntzen al dizuete?
Noski, guretzat oso garrantzitsua da gure kultura mundura zabaltzea. Katalunian denok ezagutzen ditugu giza dorreak eta horren inguruko kultura, baina gure herrialdetik ateratzen garenean, jendea harrituta geratzen da. 

Lehen aipatu duzunez, jende asko behar izaten duzue giza dorreen oinarria egiteko, baina giza harremanak eten egin zituen koronabirusak bi urtez. Zer eragin izan du taldean?
Izurriteak bi arazo nagusi sortu dizkigu. Alde batetik, bi urte hauetan taldeko haurrak hazi egin dira, eta kostatu egin zaigu berriz ere dorrearen puntara igotzeko haur txikiak lortzea. Eskoletara joaten ari gara, taldera haur berriak erakartzeko, baina kostatzen ari zaigu.  
Bestetik, bi urtez egon zaizkigu esaten segurtasun distantzia mantendu behar genuela gure artean harremantzeko. Elkartzeko baimena eman zigutenean, maskara jantzita hasi ginen, eta Katalunian kentzeko aukera eman zutenean, berriz ere normaltasunera itzuli ginen. Dena dela, ohartu gara gehiago kostatzen zaigula jendea biltzea. Orain, 200 lagun inguru elkartzen gara eta lehen 300-400 izaten ginen; ez hainbeste izurriteagatik, bi urte hauetan jende askok beste zaletasun batzuk deskubritu dituelako baizik. Hala ere, uste dut pixkanaka itzuliko direla taldera.

Colla-ko kultura belaunaldiz belaunaldi transmititzen al da?
Denetarik dago. Badaude familiak zaletasuna aitonarengandik jaso dutenak; egun handietan, aitonak, gurasoek eta seme-alabek parte hartzen dute giza dorreak egiten. Beste batzuk, berriz, interesa piztu zaielako batu dira taldera, lagun taldea colla-n bertan dutelako edota erronka pertsonal gisa. Adibidez, haur txikiak hasten direnean, ohikoa da beren gurasoak ere taldera batzea.

Entrenamendu asko behar izaten al da giza dorreak osatu ahal izateko?
Duela 20-25 urte ostiraletan entseatzen zuten. Gaur egun, berriz, astean hirutan biltzen gara, eta asteburuetan emanaldiak eskaintzen ditugu; hamar hilabeteko denboraldia izaten dugu, abenduan eta urtarrilean atseden hartzen baitugu. Denbora eta ahalegin gehiago eskaintzen zaio orain, eta antzematen da hobekuntza, orain solairu gehiagoko giza dorreak egiten ditugu.

Haur txikiak oso gora igotzen dira. Prestaketa berezia izaten al dute?
Normalean, hasieratik ikusten da zeinek balio duen giza dorrearen puntara igotzeko, gora igotzen denean begirada berezia izaten duelako. Haurrak izaten dira gehien entseatzen dutenak. Gure taldean ni naiz haurren prestaketaren arduraduna, eta besteengandik aparte entrenatzen dugu.

Harreman estua izango duzue taldeko kideok...
200-300 lagun biltzen gara entseatzeko, baina egun handietan, giza dorreen txapelketa nagusian, esaterako, 1.200 lagun izatera iritsi gara. Ezinezkoa da jende guztiarekin harremana izatea, baina lagun taldea bertan izan ohi dugu, eta beti biltzen garenon artean harreman handia dugu. Ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin, eta familia handi bat gara. Colla-ko jardunak oporrak hartzerakoan edota gure egunerokoan eragina du; esango nuke zaletasuna baino gehiago, bizitza estilo bat dela.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide