Castellers de Vilafranca taldeak emanaldia eskainiko du plazan ekainaren 19an

Onintza Lete Arrieta 2022ko eka. 10a, 10:00

Udalak jakinarazi duenez, ekitaldian gogora ekarriko dute castellerrek 2018ko uztailaren 14an Orion egin zuten bederatzi pisuko giza dorrea, "Euskal Herrian egindako lehena" izan baitzen. Horregatik, udaletxeko horman "balentria" hura gogoratzeko plaka jarriko dute.

Ekainaren 19an ekitaldi berezia hartuko du herriko plazak. Izan ere, Castellers de Vilafranca taldeak emanaldia eskainiko du 11:30ean, baina ez hori bakarrik. Udalak jakinarazi duenez, ekitaldian gogora ekarriko dute castellerrek 2018ko uztailaren 14an Orion egin zuten bederatzi pisuko giza dorrea, "Euskal Herrian egindako lehena". Horregatik, udaletxeko horman "balentria" hura gogoratzeko plaka jarriko dute.

200 pertsona inguru izango dira hilaren 19an giza dorrean, eta berriz ere bederatzi pisuko dorrea egiten saiatuko omen dira.

Partaideek udalari egindako adierazpenak

Duela lau urte, Bisigu Egunaren harira egin zuen emanaldia Penedes eskualdeko Castellers de Vilafranca taldeak. Eta Orioko saioa plaça de nou bihurtu zuen. "Hala esaten zaio, Katalunian, bederatzi pisuko giza dorrea noizbait egin den plazari. Euskal Herrian lehena da Oriokoa eta, Herrialde Katalanetatik kanpora, sei plaça de nou bakarrik daude munduan: Hangzhou eta Xangai txinatarrak, Thane indiarra, Milan italiarra, Andorra la Vella andorratarra eta Oriokoa", azpimarratu du udalak.

"Castellerren munduan ohitura da giza dorrea egindako lekuan balentria oroituko duen plaka jartzea eta Orion ere hala egingo da, ekainaren 19ko ekitaldian". Uri Bove taldekide eta zuzendaritzako kideak adierazi dio udalari bederatziko plaza izan behar zuela Oriok: "Vilafrancako kultur elkarteetako gazteok oroitzapen oso onak ditugu Orion, eta Euskal Herriko lehen bederatzikoak hainbeste parranda egin ditugun plazan behar zuen".

Carlos Mata taldeko presidenteak ere egin ditu adierazpenak: "Orion lortutakoa oso garrantzitsua izan zen guretzat, egitura hori etxean egitea oso zaila delako, eta are zailagoa etxetik horrenbeste kilometrora".

Entrenatzaile lanetan aritu zen Tony Bachek, berriz, honakoa esan dio udalari: "Herriak bihurtzen du plaza bederatzikoa. Jendea animatzeko eta laguntzeko zegoen, oriotar asko animatu zen giza dorrean sartzera eta ez genuen zalantzarik egin". Udalak zera gaineratu du: "Orduko irudien arabera, ehun oriotar inguru jarri ziren taldekideen esanetara. Bach gironarra arraunlaria izana da, Rem Santa Cristina taldean. 1996 aldera ezagutu zituen Donostiako Estropadak eta Orioko Arraunketa Elkartea: 'Alkandora berdearekin aritzen gara baina bihotza horia daukagu, orain inoiz baino gehiago'".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide