Orioko Udalak II. Berdintasun Plana aurkeztu du

Mikel Eizagirre 2022ko eka. 15a, 13:16

Eider Goiburu, Anuska Esnal eta Aizpea Esnaola, ezkerretik eskuinera.

Iazko diagnosiarekin, Emakunderen diru-laguntzak jasota eta "Ahalduntze Eskolaren lidergoarekin" osatu dute Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Plan berritua. Ildo horretan, Berdintasun Batzordea sortu dute udalean. Orotara, 23 helburu eta 93 ekintza definitu dituzte dagoeneko.

"Datozen lau urteetan nondik eragin” zehaztu nahi duen egitasmoa dela ziurtatu du Anuska Esnal alkateak. Bere aldamenean izan dira Aizpea Esnaola eta Eider Goiburu Ahalduntze Eskolako arduradunak .

Prozesuan zehar baliatutako metodologia ekarri du gogora Esnaolak. Ezer baino lehen, berdintasun-diagnostikoa egin zuten 2021ean, aurtengo urtarriletik martxora bitartean osatutako planaren oinarri gisa. Paraleloki, udalarekin eta herritarrekin "prozesu parte-hartzailea" abiatu zuten.

Berdintasun Batzordearen sorrera

Bestalde, udalean Berdintasun Batzordea osatu dute, ondoko figurekin: alkatea, euskara, hirigintza nahiz ingurumen zinegotziak, PSE-EEko zinegotzia, hezkuntza eta euskara saileko teknikaria, gizarte sailekoa, udaltzain burua, langileen kudeaketa saileko arduraduna, Ahalduntze Eskolako arduradunak, merkataritza, ostalaritza eta turismo teknikariak, kirol zein gaztedia teknikariak, eta azkenik, kultur zein hirigintza teknikariak.

Behin taldea eratuta, erabiliko diren lan-tresnak eztabaidatzen hasi dira. Diagnostikoan identifikatzen dituzten ahulguneetatik. Arlokako helburuak eta “ideia-zaparradak” mahai-gaineratu dituzte, harik eta zirriborro bat osatu duten arte. Oriotarrekin eginiko lan-saioan jasotako ekarpenak ere txertatu dituzte bertan.

Zutabeak

Emakunderi igorri diote zirriborroa, “kontraste eta sistematizazio-lanaren” ostean. Emakundek eta udalak aho batez onartu dute plana. Izatez, gogora ekarri dutenez, “Emakunderen VII. Berdintasun Planaren helburu eta esku-hartze ardatzen baitan” dago antolatuta. “Gobernu ona”, “emakumeen ahalduntzea”, “ekonomia eta gizarte antolakuntza eraldatzea” eta “emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak”. Lau atalotan ekintzak zehaztu dituzte dagoeneko, aurrez egindako diagnostikoan atzemandako ahulguneen arabera.

Udal gobernutik

Goiburuk lan-lerro orokor bakoitzaren adibideak aipatu ditu. “Gobernu onari” dagokionez, bederatzi lan-lerro zehatz aurreikusten dituzte, eta horien baitan, 38 ekintza. Horietako bat “Berdintasun Plana bete eta horren jarraipena egitea” litzateke. Izan ere, “aurreko diagnostiko zein planek jarraipenik izan ez dutela” ohartarazi dute. Bestalde, “berdintasun-organoak sortu eta koordinatzearen beharra” azpimarratu du Goiburuk, baita “udalak berdintasun arloan hartutako konpromisoak herriari ikustaraztea” ere.

“Emakumeen ahalduntzearen” lan-lerroan, bost helburu eta 19 ekintza zehaztu dituzte. Emakumeen Etxea edo Etxe Morea izango da horietako bat, eta hori sortzeko prozesu parte-hartzailean pentsatzen ari dira jada. Aldi berean, Ahalduntze Eskolan gaur gaurkoz martxan diren ekintzak “indartzen jarraitzeko” konpromisoa hartu dute, “eskaintza zabaltzeaz” gain.

Zaintza-lanak eta heziketza

“Ekonomia eta gizarte eraldaketa” deritzon arloan, bost lan-lerro eta 15 ekintza espero dira. “Ordaindu gabeko zaintza lanak ikustaraztea eta herri mailan horien balioa aitortzea” izango dute bertako ataza nagusi. Bestalde, “hezkidetzaren gaia” ere jorratzen arituko dira, hau da, ikastetxe zein aisialdi-elkarteetan “egitura bat” sortuko dute, bertarako plan zehatz bat sortu eta horri jarraipena emateaz arduratuko litzatekeena.

Laugarren ardatzean, “indarkeria sexistarik gabeko bizitzak sortzea” deiturikoaren baitan, protokolo baten sorrera aurreikusten da.

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide