Orioko Berdintasun Plana herritarren aurrean aurkeztu dute

Iñigo Gaiton 2022ko mar. 31a, 08:30

Lan esparru desberdinetara bideratutako 93 ekintza biltzen ditu Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Planak. Udalaren eta herritarren ekarpenekin gorpuztu dute Kalaka kooperatibak osatu duen dokumentua. Datozen lau urteetarako bide orria izango da.

Agintaldi honetan berdintasun alorrean egin den lana borobilduz, asteartean aurkeztu zuten herritarren aurrean Emakume eta Gizonen Berdintasunerako II. Udal Plana. Orioko Udalak sustatutako egitasmoa izan da, baina aurkezpenean azpimarratu zutenez, herritarren ekarpenak ere bildu dituzte dokumentuan.

Udal ordezkari eta langileen artean hamalau lagunek parte hartu dute plana sortzeko prozesuan, eta zuzenean parte hartu duten herriko norbanakoak 11 izan dira. Horiez gain, inkesten bidez ehundik gora herritarren iritziak jaso dituzte. Herriko elkarteei dagokienez, bederatzik egin dituzte ekarpenak.

Anuska Esnal alkateak hitzartze laburra egin zuen aurkezpen ekitaldiaren hasieran. Iaz, herriaren errealitatea hobeto ezagutzeko helburuarekin, diagnosi bat egin zuten Kalaka kooperatibarekin batera, eta orduan azaleratu zen berdintasun plan baten beharra. "Orain dokumentua eskuartean dugu, eta hemendik aurrera, gure ardura izango da ekintza planean zehazten dena betetzea eta aurrera jarraitzea", proiektatu zuen alkateak etorkizunera begira.

Ekintzak, lau helbururen bueltan

Kalaka kooperatibako Ilazki Gainzak eta Nerea Uriak aletu zituzten planaren nondik norakoak aurkezpenean. Bi hezitzaileen hitzetan, Emakundek markatzen dituen lau lan ildoren baitan zehaztu dituzte dokumentuko ekintzak. Lehen ildoak Gobernu ona izenburua du, eta helburutzat du "udala barrutik nola dagoen neurtzea eta berdintasun politikak garatzea".

Eremu horretara bideratutako 38 ekintza sartu dituzte planean; esate baterako, Etxe Morea sortzeko aurrekontua esleitzea, udalean Emakumeen Mahaia sortzea eta koordinatzea, herriko ikastetxeekin batera Hezkidetza Mahaia sortu eta martxan jartzea, edota udal langileak berdintasunean oinarrizko formakuntza eskaintzea. Bigarren ildoa da Emakumeen ahalduntzea, eta xedetzat du "emakumeen eta neskatilen ahalduntze pertsonala, kolektiboa, soziala eta politikoa babestea eta sustatzea". Hemen hemeretzi ekintza daude zerrendatuta, hala nola kale izendegia errebisatu eta emakumeen izenak gehitzea, emakumeak protagonista diren ikuskizunak programatzea, jai batzordean jai ereduen inguruko hausnarketak egitea, emakumeak kirolera hurreratzeko kanpainak bultzatzea edota prekarietatean bizi diren emakumeentzat programa bereziak adostea. 

Hirugarren ildoak, Ekonomiak eta gizarte antolakuntza eraldatzea, emakumeen parte hartze soziopolitikoa indartzea du xede, "bizitza pertsonala, familiarra eta profesionala bateratzeko" neurri multzo baten bidez. Besteak beste, udal zaintza zerbitzua sortu nahi dute udaletik antolatzen diren kirol, kultura, ikuskizun eta ikastaroetan emakumeen parte hartzea handitzeko. Guraso eskola ere eratu nahi da Orion, berdintasun arloko gaiak lantzeko. Bi ekintza horiez gain, beste hamahiru zehaztu dituzte. 

Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak da laugarren eta azken lan ildoa, eta helburutzat du "sexu arrazoiengatik, emakumeen aurka ematen den edozein indarkeria deusezteko martxan jarri beharreko estrategia eta neurriak zeintzuk diren zehaztea". 21 ekintzarekin gauzatu nahi dute helburua, hala nola indarkeria matxistaren aurkako protokoloa sortzea herritarrentzat eta ostalarientzat, jaietan emakumeentzat babesguneak sortzea, udaltzainei esku-hartze zuzeneko psikologo feminista batekin koordinazioa erraztea edota herriko puntu beltzen diagnosirako prozesu parte hartzailea bultzatzea. 

Borondatea aurrera egiteko

Gainzak eta Uriak ondo baloratu zuten plana sortzeko prozesua. Azpimarra egin zioten herrian ekintzak aurrera eramateko dagoen borondate politiko eta sozialari. "Plan txukuna geratu da, herriaren ahotsa eta udal ordezkari zein teknikariena jasota geratu delako", azaldu zuten.

Haien hitzetan, udaleko sail guztietako langileek parte hartu dute lanketan, eta hori "oso positiboa" da. "Plana modu horizontalean osatu da, partaidetza zabalarekin, eta ez da goitik behera inposatu. Hori indargune handia da, eta berme bat ere bai aurrera begira", adierazi zuten.  

Txostenaren nondik norakoak jendaurrean aurkeztu arren, oraindik ez dute herritarren eskura jarri dokumentua, Emakundek azken oniritzia eman zain daudelako.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide