Atzo Hondarribiko estropadan lan ona egin, eta Gipuzkoako Txapelketako bandera etxera ekarri zuten Orioko neskek. Errezibimenduaren ondoren, atzoko jardunaldiaz eta ligaren hasieraz beren iritzia eman zioten KARKARAri Patxi Frances entrenatzaileak eta Leyre Garate arraunlariak.
Patxi Frances: "Kolore honek irabaztea eskatzen du"
"Pentsatuta geneukan estropada atera zaigu, hasieratik amaierara kontrolatu dugu. Lan ona egiten ari zarenean eta zeure burua aurrean ikusten duzunean, dena erosoago eta errazagoa izaten da askotan, eta horixe gertatu da", iritzi dio Francesek. Itsasoa ere alde izan dute, hein batean. "Itsasoaren egoera hobetuz joan da gure txandarako, eta arraunean egiteko erraz zegoen, haize eta olatu pixka bat egon arren. Ez da eragozpena izan estropada on bat egiteko eta gauzak ondo egiteko".
Donostia Arraun Lagunei ateratako aldeari buruz, berriz, zuhur aritu da entrenatzailea: "Hamar segundoko aldea ateratzea asko da, batez ere horrelako estropada batean; lurraldeko txapelketa batera irabazteko asmoekin joaten zara, estropada garrantzitsua baita. Gaurkoan Arraunek ez du eman bere maila; ez dakit estrategiaren bat dagoen atzean ala ez, baina badakit gertu ibiliko direla ligan, borrokan gurekin".
Bere arraunlariei dagokienez, gustura da Frances, baina argi du lanean gogor jarraitzea ezinbestekoa izango dela: "Neskak oso ondo aritu dira. Ondo ari dira lanean eta entrenatzen, baina badakigu borroka egongo dela aurtengo denboraldian. Garrantzitsuena da argi edukitzea gogorra izango dela eta lanean jarraitu behar dela".
Uztailaren 2an hasiko da liga Bilbon, eta hara begira sekreturik ez dago: "Buruari bueltak ematen jarraituko dugu gauzak ahalik ondoen egiteko. Mentalizatu behar dugu kolore honek irabaztea eskatzen duela eta horretara joan behar dugula".
Hemeretzi urte jarraian egin zituen Francesek Orioko klubean, eta itzuleraren harira, atzo azpimarratu zuen ez dakiela itzuli egin dela esatea zuzena den, "bihotza beti hemen egon delako".
Leyre Garate: "Entrenamendu guztiak aprobetxatu nahi ditugu gero ligan gozatzeko"
Garate Francesen ildo beretik mintzatu da, baina traineru barrutik gauzak nola ikusten diren ere azaldu du. "Hasieran beldur pixka bat geneukan, ez genekielako zer sentsazio izango genituen itsasoan. Beroketa lanak oso kontzentratuta egin ditugu; bakoitzak bazekien zer egin behar zuen, eta horrek lagundu digu arraunkera on bat hartzen eta estropadaz gozatzen".
"Aurreneko luzea ondo egin nahi genuen, ziabogatik motibatuta ateratzeko, eta borobildu egin dugu estropada", azaldu du. Dena den, uste du atzo Arrauni ateratako 11 segundoak ez direla horrenbeste izango ligan. "Iaz bezala, aurten ere lehia asko egongo da gure ligan. Baina irabaztera joango gara eta dena ematera; hori da gure helburua. Iaz pena horrekin gelditu ginen, eta ea aurten errematatzea lortzen dugun".
Amaitzeko, Garatek esan du irrikaz daudela ligari ekiteko: "Ez da ezer falta liga hasteko, eta gogotsu gaude. Gure arraunkera hartzen ari gara, gozatzen ari gara, eta entrenamendu guztiak aprobetxatu nahi ditugu gero ligan gozatzeko".