Gipuzkoako Txapelketarekin hasiko da bihar traineru denboraldia

Aritz Mutiozabal 2022ko eka. 11a, 11:00

Iaz bezala, ligak hasi aurretik jokatuko dute. Hondarribian izango dira estropadak, 11:00etan hasita, eta Orioko gizonezkoen eta emakumezkoen ontziak bertan lehiatuko dira.

Igande honetan emango zaio ofizialki hasiera traineru denboraldiari, Bizkaiko eta Gipuzkoako txapelketekin. Bata Lekeition jokatuko da, 11:30ean hasita, eta bestea, 11:00etatik aurrera, Hondarribian. Aurten lehen aldiz, gainera, ligak abiatu aurretik jokatuko dira biak; nahiz eta gogoratu behar den iaz Gipuzkoakoa sasoi honetan jokatu zela. Beraz, denboraldiko lehen bandera izango da jokoan, eta, era berean, liga hasi aurreko azkeneko azterketa izango dute ontziek.

Beteranoen estropadarekin ekingo diote Gipuzkoako Txapelketari. Jarraian, emakumezkoak arikoak dira, hiru txandatan banatuta: lehenengoan, Hernani eta Zarautz; bigarrenean, Hibaika, Hondarribia eta Zumaia; eta hirugarrenean, Arraun Lagunak, Donostiarra, Orio eta Tolosaldea. Gizonezkoak ere hiru txandatan lehiatuko dira: lehenengoan, Hibaika, Ilunbe, Lapurdi eta Mutriku; bigarrenean, San Juan, San Pedro, Zarautz eta Zumaia; eta hirugarrenean, Donostiarra, Getaria, Hondarribia eta Orio.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide