Atzo eman zioten bukaera Itsas Festibalaren aurtengo edizioari. Pandemiagatik bi urtez bertan behera utzi eta gero, antolatzaileek esan dute aurtengoa arrakastatsua izan dela, eta egitarauak iraun duen egunetan jendetza ibili da Pasaiako portuaren inguruan.
Beste askoren artean, Albaola Itsas Kultur Faktoriak postua jarri du han, Mutiozabalen proiektuaren berri emateko.. Besteak beste, hezkuntzara bideratutako proiektuaren inguruko azalpenak eman dituzte arduradunek. Izan ere, Udalak eta Albaolak sinatutako hitzarmenaren bidez, Albaola arduratuko da ontziolaren kudeaketaz datozen lau urteetan. Ekainean, Orioko ikastetxeekin egingo dute proba pilotua eta, datorren ikasturtetik aurrera, eskola guztietara zabalduko da egitasmoa.
Ontzigintzari buruzko unitate didaktikoak landuko dituzte ikastetxeekin, eta ontziolan bertan benetako egurrezko ontzi bat eraikitzeko esperientzian parte hartuko dute ikasleek. Lehenbiziko urtean ala bat eraikiko dute. Alak gure errioetan orain dela gutxi arte erabiltzen ziren ontzi tradizionalak dira, azpi zapalekoak, batez ere garraio-lanetarako baliatzen ziren.