Urtero bezala, Arantzazu-Orio zeharkaldia antolatu du Talaimendi elkarteak, eta aurten, ekainaren 4an jarri du hitzordua. Ibilbidea 59 kilometro pasatxo izango ditu, 2.249 metroko garaiera aldearekin. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, parte hartzaile guztiek federatuta egon beharko dute.
Irteera goizeko lauetan jarri dute, Orioko autobus geltokian. Handik Arantzazura autoz joan eta gero, goizeko bostetan abiatuko dute zeharkaldia. Lehen geldialdia Mandubiako Bentan egingo dute, hamaiketakoa egiteko. Aurrerago, eguerdian, ordubeteko geldialdia egingo dute Zelatungo Bordan, bazkaritarako, eta Oriora arratsaldean ailegatuko dira. Gauean, parte hartzaileek aukera izango dute Aldapa elkartean afaltzeko.