Barru-barruan dute Gaitza

Iñigo Gaiton 2022ko mai. 25a, 12:00

Gaitza musika taldeko kideak, asteleheneko entseguan (Iñigo Gaiton)

Ostiraleko kontzertuko kantu zerrendari errepasoa emanez, Gaitzak azken entsegua egin zuen astelehenean Kosta Tailerrean. KARKARAk bertatik bertara ikusi ahal izan zuenez, laukoteak asmatu du "herdoila gainetik kentzen" emanaldia prestatzen egin dituzten azken bi hilabeteotan, eta bizitasun handiarekin jotzen dituzte oraindik nerabezaroan sortu zituzten kantuak; zuzen eta gordin. Zirto artean erantzun dituzte erreportajea osatzeko egindako galderak.

Musika munduak baditu bere erritual txikiak. New Yorken edo Orion rockero batzuen entsegua jarraituz gero, bistakoa litzateke badirela errepikatzen diren ohiturak eta mugimenduak. Joera horietako bat da saioa bukatutakoan instrumentuak soinetik kendu, anplifikadoreak hozten laga, eta musikarien gorputz-arimak musikaren zartatekoaren eraginpean daudela, zigarro batzuk piztu eta lur hartzen hastea. 

Esan gabe doa, deskonpresio une hori are ederragoa izango dela entsegua ona izan bada, kantuek esperotako dimentsioa hartu badute, eta konplizitatez, musikariek elkar hartu eta gorputz musikal bat sortzea lortu badute denen artean; lokala bete duen soinu-uhin trinko bat. 

Izerditan blai oraindik, Gaitza taldeko partaideek bukatu berri dute ostiraleko kontzertuaren aurreko azken entsegua, eta beteta ikusten dira. Borobilean jarrita, aspaldiko partez zuzeneko bat emateak eragiten dizkien emozioez mintzo dira, tabakoaren kearekin batera kanporatuz barru-barruko sentimenduak. 

Gaztetxoak zirela, 1999an jo zuten aurreneko kontzertua Orioko plazan Kukuarri Astearen barruan, eta, kasualitatez, patuak nahi izan du berriro aste berean jotzea, 23 urte geroago. "Berez, 2020an adostu genuen kontzertua, Etxeluze gaztetxearen 10. urteurrenean, baina pandemiagatik bertan behera geratu zen dena. Orain berriro suertatu da aukera, eta amorratzen gaude", azaldu du Mikel Aranzabal (Orio, 1985) taldeko abeslari eta gitarra jotzaileak. 

Iragana
Gaitza 2005ean desegin zen talde modura. Ordutik, bi kontzertu eman dituzte; bata, 2013an, Julen Saizarren omenez, eta bestea 2016an, Dispertsioff jaialdian. Ostiral honetakoa izango ote da azkena? "Horixe errepikatzen dugu beti...", bota du barrez Aranzabalek.

Atzera begira jarrita, Mikel Heras (Orio, 1986) gitarristak 12 urte zituen Gaitzarekin lehen emanaldia jo zutenean. "Taldean sartzen ari nintzen oraindik, eta hiruzpalau abesti jotzera igo nintzen oholtzara. Ume-mokoak ginen!", ekarri du gogora. 

Taldeak 2001ean plazaratu zuen Begiak ireki maketa, eta gazteak izanagatik, lortu zuten inguruko herrietan oihartzuna izatea. "Aurreneko kontzertuetan gurasoek laguntzen ziguten kontzertuetara, adin txikikoak ginelako eta ez genuelako gidatzeko baimenik...", bota du Aranzabalek. 

2002ko irailean taldearen ibilbidea markatu zuen ezbeharra gertatu zen, Julen Saizarren heriotzarekin. Frontman petoa zen Saizar, karisma handiko mutila, eta taldeak erreferente handia galdu zuen. 

Haren heriotzak, ordea, ez zuen haien martxa geratu, eta Manex Barrenetxea (Orio, 1983) bateria jotzaileak gogora ekarri duenez, Saizar hil eta bi astera jo zuten kontzertu berezienetako bat: "Barricadarekin batera jo genuen Irurako festetan, Julenen heriotza oraindik haragi-bizitan genuela. Mikel koruak egitetik abeslari nagusia izatera pasatu zen, eta aurrera egin genuen". 

Ondorena
Gaitzaren bigarren etapa bat hasi zen orduan. Laukoteak abestiak sortzen eta kontzertuak ematen jarraitu zuen, 2005 aldera uztea erabaki zuten arte. 

Ez zen arrazoi jakin bat egon horren atzean: "Ikasle izatetik lan mundura pasatu ginen, horrek eguneroko bizitzako ohituretan suposatzen duen aldaketarekin", zehaztu du Ibon Aranzabal (Orio, 1983) baxu jotzaileak. "Futbolarena da errua; futbolari amorratuak ziren hauek, eta nahikoa lan izaten zuten entrenamendu eta partidekin", erantzun dio Mikel anaiak umorez. 

Taldea geratu izanagatik, musikari lotuta jarraitu zuten gehienek, proiektu berriekin. Mikelek bakarkako diskoa atera zuen, eta gero, Barrenetxearekin batera, Can’t Explain taldea sortu zuten. Era berean, Arrautz Ustelak hardcore taldearen sortzaileak dira Barrenetxea eta Heras, eta biek jarraitu dute beste hainbat talderekin jotzen gaurdaino. 

Beste proiektutan murgilduta zeudela, 2013an Ondorena kantu bilduma plazaratu zuen Gaitzak Interneten. Saizarren 30 urtebetetzea izango zena ospatu zuten Etxeluze gaztetxean urte horretan, eta herriko entzuleen gozamenerako, denen eskura jarri zituzten taldea utzi aurretik grabatu eta argitara eman gabeko abestiak: Egun bat, Aitzaki merke bat, Denbora, Izerdi beltza... 

Laukotearen hitzetan, kantu bilduma horretan ondo antzeman daiteke taldeak azken urteetan izandako eboluzioa. "Begiak ireki grabatutakoan 15 urte nituen. Adin horrekin, jotzen duzu ahal duzuna edo ateratzen zaizuna. Gero, urteekin, fintzen joaten zara, gustuko dituzun influentzietara hurreratzen", zehaztu du Herasek.

Oraina
Aspaldi elkarrekin jo gabe egon arren, konplizitate handia nabari da laukotearen artean. Hizketaldian zehar ez da barre-algararik eta zirtorik falta, eta finean, laguntasun horrek ematen dio zentzurik borobilena laurek musika bizitzeko duten moduari; berriro elkartu, "herdoila kendu", eta nerabezaroan sortutako kantuak jotzen gozatzeari. 

Ostiralera begira jarrita, badakite herrian badela haien kontzerturik ikusi ez duen jendea, gazteak batez ere. Txantxa artean, hurrengo hitzordua bost urte barru jarriko dutela esan dute: "Taldekide gehienok ditugu seme-alabak, eta umeak direnez, etzi arratsaldeko soinu proban egotearekin konformatu beharko dute... Egunen batean, ilusio ikaragarria egingo lidake Gaitzarekin haien aurrean kontzertu bat emateak", bukatu du Herasek. 

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide