10:00etan puntuan atera dira II. Talai-Mendi Trail probako parte hartzaileak maldan gora, San Martinerantz. Aurreneko hamar minutuetan pasatu dira guztiak puntu horretatik, eta Kukuarri puntarainoko bidea egin dute, eta handik berriro herriko plazara, elizako aldapatik behera.
Beroa eta hezetasuna izan dituzte lagun bide osoan zehar, eta horrek bati baino gehiagori erasan dio helmugara iritsi ondoren. Oro har, ordea, giro politean egin dute proba parte hartzaileek; berrehundik gora izan dira animatu diren gizon-emakumeak.
Azkarrenak Walther Becerra (01:01:26) eta Oihana Kortazar (01:13:51) izan dira. Kortazar atzo Txindokiko Bertikala irabaztetik zetorren, eta gaur ere ez du hutsik egin. Nagusitasunez irabazi du mendi lasterketa, hemeretzi minutuko aldea aterata Oihana Zubillagari (01:20:02). Nerea Amilibia aiarrak egin du hirugarren (01:22:04), eta pozarren helmugaratu da podiumeko postua ziurtatuta.
Gizonezkoetan, Ibai Makazagak egindako lana azpimarratu behar. Iaz berea izan zen garaipena, eta aurten bigarren helmugaratu da, denbora ona eginda (01:03:51). Xabier Sarranzek osatu du podiuma (01:04:09).
Gizonezkoetan, laugarren eta seigarren postuak ere etxean gelditu dira, Mikel Usandizaga aiarra izan baita laugarren (01:04:54) eta Mikel Azkue oriotarra, seigarren (01:09:50). Beste bi oriotar ere helmugaratu dira lehendabiziko hamar korrikalariren artean: Oihan Lizaso bederatzigarren izan da (01:11:39) eta hamargarren, berriz, Aitor Rubio (01:12:06). Emakumezkoetan, Ainhoa Usandizaga aiarra seigarren izan da (01:26:44).
Hemen ikus daiteke sailkapena osorik.
Talai Mendi elkarteak gaurko mendi lasterketarekin abiatu du Kukuarri Astea. Egitarau bete-betea prestatu du herritarrentzat. Hemen informazio guztia.