OBBk asteburuko bi partidak irabazi ditu Zaragozako Miralbueno taldearen aurka

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko mai. 18a, 14:30

Sofbol jokalari gaztea Mendibeltzen partida jokatzen.

Patxi Arnal entrenatzaileak Ohorezko Sofbol Ligan debuta egiteko aukera eman die jokalari gazteei asteburuan.

Pasa den asteburuan Zaragozako (Espainia) Miralbueno sofbol taldea izan zuen aurkari OBBk, eta jardunaldiko bi partidak irabaztea lortu zuten oriotarrek, Mendibeltz zelaian. Lehen partidako lehen sarreran puntu asko lortu zituzten etxekoek eta 17-2 emaitzarekin gailendu zen taldea. Partida azkarra izan zen, eta Amaia Larrazak, Maialen Pisonek eta Rakel Ibañezek egindako lana nabarmendu dute taldeko arduradunek; Larrazak sei jokalari kanporatzea lortu zuen, eta Pisonek eta Ibañezek zazpi hit egin zituzten. Horrez gain, Sara Loidi jokalari gazteak eta Carla Novellak emandako maila ere azpimarratu dute.

Bigarren partidan ere OBB nagusitu zen, eta taldeak martxa ona zeramala ikusita, Patxi Arnal entrenatzaileak jokalari gazteei ohorezko mailan jokatzeko aukera ematea erabaki zuen. Hala, Ohorezko Sofbol Ligan lehen aldiz jokatu zuten jubenil mailako Ariane Etxezarreta, Elene Rekalde eta Vicky Conejo jokalari gazteek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide