Errioa, gure nortasuna hitzaldi sortaren hirugarren saioa egingo dute gaur, asteazkena, Arraunetxen, 19:00etan hasita. Lourdes Odriozola historialaria eta Jesus Mari Perona gaian aditua izango dira hizlariak, eta herriko ontzigintza izango dute mintzagai, Ontzigintza Orion. XVI. mendetik XX. mendera izenburupean.
Ontzigintza jarduera ekonomiko garrantzitsua izan zen XVI. mendetik aurrera Orion. Oria ibaiak eskaintzen zituen baliabide naturalak eta burdinolen hurbiltasuna lagungarri izan ziren garapen horretan, eta garaiko gerraontzi handienetakoak gure ontzioletan eraiki ziren. Gerrek baldintzatutako sektorea zen eta, Gaztelak inperioa galdu zuenean, arrantzontziak egitera pasatu ziren tokiko ontziolak. Alor horretan, garrantzia handikoa izan zen Dikeko ontziola. Pribatizatzen lehenengoetakoa izan zen, Vicente Segurak ordura arte udalarena zen lantegia bere egin ostean.
Gaurko saioan, gaian sakonduko dute Odriozolak eta Peronak. Odriozola historialariak gaiari buruzko doktorego tesia eta ikerketa ugari plazaratu ditu, eta Perona bera izan zen Mutiozabalen jatorrizkok planoak aurkitu zituena, gaur egunera iritsi diren bakarrenetakoak.