Oriotar baten biloba eta birbiloba bisitan Orion

Karkara 2022ko mar. 22a, 11:30

Igandean, Argentinako Bahia Blanca hiriko Sociedad Sportiva elkarteko errugbilariak Orion izan ziren; tartean Fernando eta Patxi Azpiroz, jatorri oriotarra dutenak. 

Igandean, martxoak 20, 84 gazte argentinarrek osatutako talde handi bat etorri zen Oriora bisitan. Bahia Blanca hiriko Sociedad Sportivako kirolari gazteak martxoaren 12an abiatu ziren Argentinatik Europa aldera. Donostiako ostatu batean daude. Errugbian jokatzera etorri dira; jokatu dute dagoeneko Valladoliden eta Lapurdiko Bidarten. Etxera itzuli aurretik Bartzelonan ere jokatzekoak dira.

Orioko hondartzan, Mola Mola tabernan izan ziren, tabernaren oraingo arduradunak ere, Ainoa, Iker eta Xanti Irazusta familia argentinarra, errugbilarien hirikoak direlako: Bahia Blancakoak, eta txikitatik haien lagunak direlako. Oriora bisitan etorritako argentinarren artean baziren bi aita-seme: Fernando eta Patxi Azpiroz, jatorri oriotarra dutenak.

Fernando Azpirozen aitona, Orion jaiotako Ramon Maria Akilino Azpiroz Anabitarte, 1909an joan zen Argentinara, 19 urte zituela. Han ezkondu zen euskal jatorriko Maria Antonia Dorkazberro Lakunzarekin, eta seme bat izan zuten, Hector. Haren semea eta biloba dira orain Oriora etorritako Fernando eta Patxi Azpiroz aita-semeak.

Errugbilari gazteek ziotenez, "barbaro" pasatu zuten Mola-Molan gonbidatutako bazkari ederrarekin. Martxoaren 24an itzuliko dira Atlantikoaren beste aldera; eta ez omen dute bidaia berehalakoan ahaztuko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide