OinHerri Herri Hezitzaileak elkartea aurkezteko saio irekia antolatu du udalak astearterako

Aitziber Arzallus 2022ko mar. 20a, 12:00

Anuska Esnal alkatea, Orioko Udalak eta OinHerri Herri Hezitzaileak elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu zutenean.

Aurkezpena Salatxo aretoan egingo dute, 18:30ean hasita, gaiarekin interesa duten guztiak parte hartzera gonbidatu ditu udalak.

Orioko Udalak eta OinHerri Herri Hezitzaileak elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu zuten 2020an, pandemia betean eta, hitzarmen horren bidez, udalak dirulaguntza ematen dio elkarteari, "bere jarduera eta proiektuak finantzatzeko eta Orion bere printzipio eta lan ildoak garatzeko, hezkuntzako eragileekin elkarlanean". Pandemia egoera dela eta, ordea, udalak ez du oraindik egin OinHerri elkartearen lana herritarrei ezagutarazteko saio irekirik. Udaleko teknikariei eta hezkuntza alorreko eragileei aurkeztu diete elkartea, baina ez dute aurkezpen irekirik egin herritar guztientzat. Aurkezpen ireki hori datorren asteartean egingo du udalak, Salatxo aretoan, 18:30ean hasita, eta gaiarekin interesa duten guztiak gonbidatu ditu parte hartzera.

OinHerri Herri Hezitzaileak elkarteak denbora darama haurren hezkuntza eta aisialdia beste modu batera antolatzeko moduak aztertzen, teoria eta praktika uztartuz. Haren helburua da, herrigintzatik abiatuta, benetako parte-hartzea bultzatzea eta balio hezitzaileak hedatzea. Elkarteak honela formulatzen du bere xedea: "Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzaile eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea". Udalak dio bat egiten duela elkartearen xedearekin eta bide bat egin nahi duela, herriko hezkuntza eragile guztiekin elkarlanean, xede hori Orion garatzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide