Aimar Martinez: "Errefuxiatuak hona ekartzeko baldintzak gogortzen ari dira"

Aitziber Arzallus 2022ko mar. 17a, 16:23

Aimar Martinez Zainbizi elkarteko idazkaria eta haren lagun bat joan den igandean abiatu ziren Ukrainara, furgoneta gerrako biktimei laguntzeko materialez beteta zutela, eta bueltan dira dagoeneko. Bi emakume eta bi haur ukrainar beraiekin etorri dira, gainera; Bilbon utzi dituzte haiek. Egun batzuez atseden hartu eta bigarren joan-etorri bat egiteko intentzioa du Martinezek, oraindik noiz irtengo den ez dakien arren.

Uneotan, Bilbotik etxera bidean da Aimar Martinez Zainbizi elkarteko idazkaria, Ukrainara joan-etorria egin ostean. Martinez eta haren lagun bat igandean abiatu ziren Ukrainiara, furgoneta gerrako biktimei laguntzeko materialez beteta zutela, eta bueltan dagoeneko. Bi emakume eta bi haur ukrainar beraiekin etorri dira, eta hain zuzen ere haiek uzten izan dira Bilbon. 

Esperientzia "aberasgarri bezain gogorra" bizita dator Martinez. "Kilometro asko dira eta han ingelesa inork ez du hitz egiten; beraz, momentu batzuetan zaila egin zaigu, baina atera gara aurrera". Ukrainako mugan zer topatu duten galdetuta, "ikusi dugu gerratik ihesi zihoan jendea eta autoak ere bai nola zihoazen guztiz puskatuta". Beraiekin etorri den laukotearen testigantzak, ordea, erabat hunkituta utzi du. "Umeen aita eta aitona han utzita etorri dira, sekula berriz ikusiko dituzten jakin gabe".

Martinezek bigarren joan-etorri bat egiteko asmoa du, noiz egingo duen oraindik ez dakien arren. Gainera, gauzak zailtzen ari direla esan du. "Errefuxiatuak beldur dira, ez dute edozeinekin eta edozein tokitara joan nahi, eta handik irteteko baldintzak ere gogortzen ari dira, geroz eta dokumentazio gehiago eskatzen ari direlako. Gerra hasi eta lehenengo bi asteetan zorroztasun gutxirekin egin dituzte gauzak, baina kontrolak geroz eta zorrotzagoak dira". Martinezen hasierako asmoa zen autobus bat lortu eta bigarren bidaia harekin egitekoa, baina zaila izango dela iruditzen zaio. "Besterik ez bada, furgonetan bueltatuko gara".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide