Porrotarekin ekin dio ligari OBB taldeak

Elena Marguello 2022ko mar. 16a, 09:00

(OBB sofbol taldea)

Asteburu honetan abiatu du denboraldi berria, eta lehenengo jardunaldia CBD Rivas taldearen aurkatu jokatu du. Elkarren aurkako bi norgehiagokak galdu ditu Orioko sofbol taldeak.

Pasa den igandean hasi zen Ohorezko Mailako Espainiako Sofbol Liga. Hamaika talderekin batera hartuko du parte OBB sofbol taldeak. Aurtengo denboraldian, bi talde egin dituzte ligaren baitan, eta oriotarren taldean izango dira CBS Rivas Madrid, CBS Antorcha Valencia, CS Fénix Valencia, CBS Cambre A Coruña eta CB Barcelona.

Lehenengo jardunaldi honetan, iazko irabazlea izan zen CBD Rivasen aurka jokatu zuten Orioko taldekoek. OBBko jokalariek gogotsu ekin zioten partidari, baina ezin izan zuten Rivaseko
jaurtitzailearen aurrean puntu bat ere lortu. Kontrara, madrildarrek laster lortu zituzten lehendabiziko
puntuak, eta partida goiz amaitu zen; Rivasekoak 16-0 irabazi zuten.

Bigarren partidan OBBko neskek bigarren saiakera bat egin zuten berriro haien bateak martxan
jartzeko. Defentsa hobetu zuten, eta Oriokoek hobeto eutsi zioten lehiari nahiz eta azkenean, partida berriz ere galdu: 7-0.

Emaitza orokorrak onak izan ez arren, aipatu beharra dago etxekoen harrobi lana. Goraipatzekoa da Sara Loidik eta Aroa Farok eginiko lana, eta hurrengo partidetarako hartu duten esperientzia. Aipatzekoa, baita ere Rakel Ibañezen bateatzea momentu eta une aproposean.

Hurrengo asteburuan OBB sofbol taldekoek etxean jasoko dute Valenciako Antorcha taldea, eta oriotarrak euren lan eta gaitasun guztiak erakusteko prest egongo dira Mendibeltzeko zelaian.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide