Kintopeko idi apustua jokatu zuten atzo arratsaldean Aizarnazabalgo plazako probalekuan Errezilgo Belamendik eta Aizarnazabalgo Enbilek. 3.000 euro zituzten jokoan, eta Belamendirentzat izan zen saria. Aise gailendu ziren Errezilgoaren idiak. Belamendiren abereak plazaratu ziren lehendabizi, eta 49 plaza, sei zinta eta 1,60 metro osatu zituzten Uztarri harriari tiraka. Enbilen idi pareak marka hori zuen hausteko, baina ez zuten batere lan onik egin: hamasei plaza, bi zinta eta 1,17 metro egitea besterik ez zuten lortu.
Ikusleek ondo erantzun zuten. Apustuan emoziorik ez zen egon, baina girorik ez zen falta izan probalekuan.