Orioko piano jole gazteak emanaldiz emanaldi dabiltza azken asteotan. Joan den asteburuan Danbolin musika eskolako hamabost piano ikaslek parte hartu zuten Andoaingo XVII. Piano Jaialdian, eta atzo arratsaldean, Orioko kultur etxean egin zuten erakustaldia. Hamabost musikari izaki, bitan banatu zuten saioa: aurrena, 17:30ean hasita, gazteenak aritu ziren; eta ondoren, 18:30ean hasita, nagusiagoak. Andoainen jotako piezak jo zituzten herritarren aurrean ere, eta kultur etxeko areto nagusia ia goraino bete zuten bi saioetan.
Aipatzekoa da Andoaingo jaialdian oso lan txukuna egin zutela Orioko gazteek, eta urrezko zein zilarrezko domina ugari ekarri zituztela etxera. Urrezko domina eskuratu zuten Ane Blazquezek, Irati Txintxurretak, Iñaki Dalyk, Elene Etxabek, Oier Iruretagoienak, Julen Lekuonak, Ander Paredesek, Nora Ruizek eta Jon Salsamendik; eta zilarrezkoa, Itxaso Aierbek, Julen Txintxurretak, Arene Garmendiak, Arrate Igartuak, Paul Sarasuak eta Ganix Sukiak.