Zaharren Babeslekuko zuzendaritzak datozen lau urteetan elkarteko presidente izango dena hautatzeko prozesua jarri du martxan. Presidente kargurako hautagaitza aurkeztu nahi dutenek elkarteko bazkide izan beharko dute ezinbestean, eta otsailaren 21a baino lehen eman beharko dute izena.
Hautagai aurkezten denak bere buruaz gain beste zazpi bazkide aukeratu beharko ditu Zuzendaritza Batzordea osatzeko, denera zortzi kidek osatzen baitute elkartearen zuzendaritza. Presidente kargurako hautagai bat baino gehiago aurkezten badira, Ohiko Batzar Nagusian parte hartzen duten bazkideek aukeratuko dute presidente berria, bozketa bidez.
Hain zuzen ere, martxoaren 2an egingo dute aurtengo Ohiko Batzar Nagusia, kultur etxean. 16:30era egin dute lehen deialdia, eta 17:00etarako bigarrena. Zuzendaritza Batzordea berritzeaz gain, beste hainbat gai ere jorratuko dituzte batzar horretan. Besteak beste, ekitaldi ekonomikoari itxiera eman eta 2020ko eta 2021eko balantzeen berri emango dute eta azken bi urteetako jardueren memoria aurkeztuko dute.