Zumaian jokatu da Gipuzkoako Batel Ligako bosgarren jardunaldia, gaur 11:00etan hasita. Oriotarrek bost kategoriatan parte hartu dute sei ontzirekin, eta fin aritu dira beste behin.
Infantil mutiletan Getariari aurre hartu eta lehen postua eskuratu dute; gainerako kategorietan, berriz, bigarren egin dute. Hori bai, infantil nesketan eskura izan dute garaipena. Lau ontzi helmugaratu dira, izan ere, hiru segundoko tartean. Denak eskualdekoak, gainera: Zumaia B aurrena, gero Orio A, eta atzetik Zarautz A eta Zumaia A.
Etxekoak bigarren sailkatu dira promesa mutiletan eta nesketan, eta baita absolutu mutiletan ere. Azkenik, promesa mutiletan Orio B hamargarren izan da.
Gaurkoan ohi baino ontzi gutxiago uretaratu ditu Orio AEk. Izan ere, bihar Aulki Mugikorreko Euskadiko Distantzia Luzeko Txapelketa jokatuko da Orion, eta arraunlari asko harako prestatzen ari dira.