Haur eskolako egokitzapen lan mardulenak bukatu dituzte

Iñigo Gaiton 2022ko ots. 10a, 12:46

Lotarako bigarren gela bat egokitu dute berriki. 2022an, psikomotrizitate-gelako lurra berritzeko asmoa du udalak.

Maria Maestra haurreskolako eraikinari hainbat egokitzapen egin dizkio udalak azken hiletan. Ohar bidez azaldu dutenez, kanpoaldeko obrak bukatu dituzte jada, eta garbiketa lanekin ibili dira azken egunotan.

Plazaratu duten informazioaren arabera, "udalak egiten duen apustuaren erakusle" da Maria Maestra haurreskolak azken urtean izandako eraldaketa. Kanpoko jolaslekuan aterpea jarri zuten 2020an, euria egin arren haurrek aire librean ibiltzeko espazioa izan zezaten. Gerora, eskailera berria jarri zuten eraikinaren kanpoaldean, gaur egun indarrean dagoen araudiarekin bat egiteko, eta lotarako bigarren gela bat egokitu dute berriki, haurrek atseden hartzeko espazio gehiago izan dezaten. 2022an, psikomotrizitate-gelako lurra berritzeko asmoa dute.

Makineriak eragindako eragozpenen aurrean, barkamena eskatu nahi die Udalak inguruan bizi diren herritarrei.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide