Herriko korrikalariek "lan ona" egin dute joan den asteburuko lasterketetan

Iñigo Gaiton 2022ko ots. 8a, 16:30

Aitor Iturralde, larunbateko lasterketan.

Jokin Bellidok lortu du asteburuan Orioko Atletismo Taldearen garaipen bakarra. Gimnastika Uliak Donostian antolatutako txapelketan izan da, 5.000 metroko lasterketan.

Herriko korrikalariek hainbat lasterketetan parte hartu zuten lehengo asteburuan. Larunbatean eta igandean Euskadiko Pista Estaliko Txapelketa jokatu zen, eta lehen jardunaldian, Jokin Bellidok 1.500 metroko proban bosgarren egitea lortu zuen, 04:01 markarekin. Lasterketa berean parte hartu zuen Aitor Iturraldek (04:08) eta Xabat Elortzak (04:12).

Igandean Martin Iriondoren txanda izan zen, eta 3.000 metrotan bosgarren egin zuen, 08:52 denborarekin. Sunhai Huegunek 800 metrotan parte hartu zuen, 02:04 denboran helmugaratuz. 

Igandean bertan, taldeko beste zenbait kidek Gimnastika Uliak antolatutako lasterketak egin zituzten Donostian, eta Jokin Bellidok garaipena lortu zuen 5.000 metrotan. Josu Solaberrietak eta Eneko Martinezek beren markak hautsi zituzten 10.000 metroko lasterketan, 36:12 eta 37:02 denborak eginez, hurrenez hurren. Txikien mailan, alebinetan, Elaia Lasarte hirugarren izan zen, Xare Elortza zortzigarren eta Julene Iturrioz bederatzigarren.

Atletismo taldeko ordezkariek azpimarratu egin dute korrikalariek asteburuan egindako "lan ona".

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide