Orioko emakumezkoen txalupa zazpigarrenez jarraian gailendu da Sestaoko jaitsieran

Iñigo Gaiton 2022ko ots. 7a, 16:25

Traineru ugarik parte hartu zuen atzo, igandearekin, Sestaon Julian Enrikeren omenez jokatutako jaitsieran. Oriok bigarrenari 19 segundoko aldea aterata lortu zuen garaipena. Bestalde, larunbatean batelen estropadak jokatu zituzten Pasaian.

Denboraldiko aurreneko garaipena lortu du Orioko emakumezkoen traineruak. Julian Enrikeren omenezko jaitsiera jokatu zen atzo goizean Sestaon (Bizkaia), eta oriotarrak aldearekin gailendu ziren. Hain zuzen ere, 19 segundoko aldea atera zieten Ondarruko estropalariei, eta 34koa hondarribiarrei.

Patxi Frances entrenatzaileak tripulazio hau aurkeztu zuen estropadara: Helena Merino, Mireia Uranga, Amaia Arregi, Ane Arruti, Uxue Urra, Alaine Bereziartua, Noa Viaño, Marina Cerco, Nagore Urdanpilleta, Andrea Oubiña, June Aranbarri eta Itxaso Azkonobieta. Patroi modura Sarai Idigorasek jardun zuen.

Ordezkoak, berriz, hauek izan ziren: Nadeth Agirre patroia, Taude Gomez Segura, Vicky Piñeiro, Maddi Alkain, Edith Uranga, Leire Garate, Maialen Aizpuru, Eider Balda, Arene Lacoste eta Intza Erkizia.

Bateletan ere lan ona
Larunbatean batel estropadak izan ziren Pasaian, Hernani AEk antolatuta. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Batel Ligako laugarren jardunaldia jokatu zuten adin desberdinetako estropalariek.

Orio AEk 13 batel aurkeztu zituen lehiaketara, 65 arraunlarirekin. Horietatik 5 ontzi podiumetan sartu ziren, garaipen bat lortuz; kadete mailako neskek lortu zuten garaipena, hain justu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide