Eugenio Aranburu Galarreta frontoiko epailea hil da gaur gauean Orion, 62 urterekin. Erremontista profesionala izan ondoren, erremonte epaile modura jardun du orain arte. Hain zuzen ere, larunbatean zuzendu zuen azken partida Galarretan bertan.
Aranburuk 1978an egin zuen debuta erremontista profesional modura, afizionatuen mailatik igo ondoren. Hortik gutxira, auto istripu batek bere ibilbidean etena egitera behartu zuen, eta pilota utzi behar izan zuen aurrerago. Orduz geroztik, erremonteari eta pilota munduari lotuta jarraitu du, Galarretako epaile modura. Aita ere epailea izan zuen.
Pilota Elkarteari laguntzen ere ibili izan da Aranburu. Hori dela eta, haren omenez, elkarteak bertan behera laga ditu gaurko eta biharko entrenamendu saioak.