Iñaki Olidenen kintopeko pare berria bigarren, estreinako deman

Iñigo Gaiton 2022ko ots. 6a, 10:29

San Blas Saria ari dira jokatzen egunotan Abadiñon, "idi demen katedralean". Astelehen gauean Olidenen beste pare bat izango da probalekuan.

Ostegunetik astelehenera bitartean, idi demen zaleek bost eguneko programaz gozatzeko aukera ari dira izaten Abadiñon (Bizkaia). Guztira, 19 idi pare pasatuko dira probalekutik, San Blas Saria irabazteko lehian.

Ostegunean eta ostiralean kintopeko idiak izan ziren lehian estreinakoz, eta Iñaki Olidenen pare berriak bigarren sailkatzea lortu zuen. Idi-zalea gustura agertu da sare sozialetan, Apala eta Alegrek izandako debutarekin. Izan ere, Olidenen hitzetan, "idi demen katedrala" deitzen diote Abadiñoko probalekuari, eta toki berezia da, "giro desberdina sortzen den probalekua".

Kintopekoen artean, Zornotza anaien idiek 54 plaza eginda lortu zuten garaipena. Olidenen idiek 53 plaza 2 metro eta 65 zentimetro egin zituzten, bigarren sailkatuz, eta Lopategirenak 50 plazarekin hirugarren izan ziren. Haien atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Urra, Artola eta Andrakasen pareak. 

Atzo, larunbatarekin, idi zaharren demei ekin zieten, eta gaur eta bihar ere horiek jardungo dute lehian. Olidenek beste pare bat aurkezteko du lehiara, eta bihar izango du horretarako txanda, 22:00etatik aurrera.

 

 

 

 

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide