Aste honetan herrian izan den eraso matxista baten berri eman du Xaltxerak talde feministak. Gutun bat kaleratu du horretarako. Gutunak honakoa dio, hitzez hitz:
"Aste honetan eraso matxista baten berri izan dugu, Orion. Zurrumurruak zabaltzen hasi dira eta horiek areagotu aurretik, 'aski da!' oihukatu nahi dugu. Guk sinesten dizugu eta gure elkartasun eta babes guztia daukazu, zuk eta ingurukoek. Ez da eraso solte bat, emakumeok egunero jasaten ditugu eraso matxistak, eta, azken aldian, gure eskualdean areagotu egin dira. Haserre eta nazkatuta gaude! Jendarte moduan hausnarketa sakona egin beharrean gaude, ze jendarte eredu nahi dugu sortu? Guk argi daukagu, ez dugula gure askatasuna galduko!
Feministok egunero egiten dugu lan jendarte justu eta feministaren alde. Baina hau ez da gure ardura bakarrik, guztion inplikazioa beharrezkoa da. Ezinbestekoa da eragile sozial guztien artean, erantzuna artikulatzea eta gaia modu iraunkorrean eta eremu guztietan lantzea.
Emakume bat ukitzen badute, denok ukitzen gaituzte!
Adi mobilizazioei!
Erasorik ez, erantzunik gabe!"