Udal ordezkariek ohiko bilkura egin zuten atzo arratsaldean. Udalbatzarrean zazpi puntu landu zituzten, eta guztiak aho batez onartu ziren.
Gaien artean, onarpena eman zitzaion Orioko Biziberritze Planari. Bakartxo Oliden Euskara eta Turismo zinegotziak azaldu zuenez, Oriok "turismo plan bat" behar zuela ikusi zen udalean duela bizpahiru urte. "Plana garatzeko proposamen desberdinak izan genituen eskuartean, eta Kultur Atelier enpresak egindakoa izan zen bozkatuena".
Herriko eragile, merkatari, eta adituekin harremanetan jarrita, ohartu ziren turismo planaz haratago zihoan zerbait egiten ari zela, "euskara, kultura eta beste zenbait arlo" biltzen zituen plana. Olidenen hitzetan, udalbatzaren onarpena jasota, herritarrei aurkeztea da hurrengo urratsa. "Otsailean egingo dugu aurkezpena. Plan mamitsu eta garrantzitsu honen nondik norakoak eta ekintza plana azalduko ditugu xehetasun guztiak emanez".
Anuska Esnal alkateak gehitu zuenez, hondartzako ingurune naturalean izandako galerak "haustura" bat suposatu zuen herriaren izaeran: "Ordutik, kokatu ezinik ibili gara, zer ginen eta zer garen definitzeko zailtasunekin. Gure nortasunarekin berriro konektatzen lagundu nahi du plan honek, herritarrei hauspoa eman nahi die, herriaz harro sentitu daitezen. Hori lortu eta gero kanpotarrak erakartzen baditugu, askoz hobe".
Kanpineko igerileku berriko lanen esleipena
Udalak udazkenean hasi nahi du kanpineko igerileku berria eta ur-parkea eraikitzeko obrekin. Bada, atzoko udalbatzarrean, aho batez onartu zen obrak kontratatzeko prozedura. Udaleko idazkariak instalakuntza berrien xehetasunak irakurri zituen bilkuran, eta bideoko 26.minututik aurrera entzun daitezke.