Gozategi taldeak 30 urte beteko ditu aurten

Garazi Artola Balda 2022ko urt. 27a, 16:21

1992an hirukote formatuan hasi ziren kontzertuak ematen Ainhoa eta Asier Gozategi anai-arrebak, Iñigo Goikoetxearekin batera. Urteurrena "behar bezala ospatzeko" asmoa azaldu du taldeak.

Gozategi musika taldeak 30. urteurrena ospatuko du aurten. Atzo eman zuten urteurrenaren berri sare sozialetan, eta azaldu dutenez, gogotsu daude taldeak orain arte egin duena "behar bezala ospatzeko".

Taldeak 1992an eman zituen lehen kontzertuak, hirukote modura. Soinua eta panderoa jo eta abestu ere egiten  zuten Ainhoa eta Asier Gozategi anai-arrebek, eta haiekin batera izaten zen emanaldietan Iñigo Goikoetxea baxu eta txarango jolea. Hiru urte beranduago, 1995ean, estudioko lehen lana plazaratu zuten Gozategi izenburupean. Elkar argitaletxeak eman zuen argitara lehen abesti bilduma hura, eta zigiluak azpimarra egin zion hirukotearen musikaren freskotasunari, bizitasunari eta koloreari. Berritzaileak izan ziren trikiti munduan.

Gerora ibilbide oparoa egin du Gozategik, eta urte luzez, Euskal Herriko plazak betetzen jarraitu dute. 2018an plazaratu zuten orain arte egindako azken diskoa: G puntua.

KARKARAk Ainhoa eta Asier elkarrizketatu zituen 1993ko apirilean, musika munduan bidea egiten hasi eta gutxira. Hemen klik eginda irakur daiteke elkarrizketa osoa.


 
 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide