Udane Ostolaza eta Gorka Etxeberria txukun ibili dira Burgelun

Aitziber Arzallus 2022ko urt. 23a, 09:34

(Argazkia: Egur Sport)

Ostolaza, guztira 43 jasoaldi eginda, 2022ko Emakumezkoen Harrijasotze Txapelketako gazte mailako sailkapenaren buruan jarri da; atzetik du Aroa Sanchez, 37 jasoaldirekin. Etxeberria, berriz, guztira 55 jasoaldi eginda, 2022ko Hiru Hamarreko Harrijasotze Txapelketako sailkapenaren bigarren postuan da, Urra zarauztarraren atzetik.  

Atzo eguerdian 2022ko Hiru Hamarreko Harrijasotze Txapelketako bigarren jardunaldia eta 2022ko Emakumezkoen Harrijasotze Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zituzten Burgelun (Araba). Han izan ziren Gorka Etxeberria eta Udane Ostolaza oriotarrak, eta biak ala biak lan polita eginda bueltatu ziren etxera. 

Etxeberriak, bi minutuan 25 jasoaldi eman zizkion 100 kiloko zilindro zaharrari, hamabost eman zizkion 100 kiloko kubikoari, eta beste hamabost 100 kiloko bolari. Horrenbestez, guztira 55 jasoaldi eginda bukatu zituen lanak. Gaur-gaurkoz, sailkapeneko bigarren postuan da oriotarra, Mikel Lopetegi Urra-ren atzetik eta Iraitz Arrutiren aurretik. Izan ere, joan den asteburuan jokatu zuten lehendabiziko jardunaldian, Urrak 68 jasoaldi egin zituen guztira, eta 51 egin zituen Arrutik.

Ostolazak, berriz, bi minutuan hemeretzi jasoaldi eman zizkion 50 kiloko zilindro zaharrari, 11 eman zizkion 50 kiloko kubikoari, eta hamahiru 50 kiloko bolari; guztira, 43 jasoaldi. Hala, gazteen mailako sailkapenaren buru jarri da, Aroa Sanchez oriotarraren aurretik. Sanchezek, joan den asteburuan jokatu zuten lehendabiziko jardunaldian, hamazazpi jasoaldi eman zizkion zilindro zaharrari, zortzi eman zizkion kubikoari, eta hamabi bolari; denera, 37 jasoaldi. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide