Usurbildarra da Jokin Eizagirre artista. Dekorazio mundua du ofizio, eta artearen esparruan ere lanak egindakoa da. Berak sortua da, besteak beste, Xixario erretegiaren parean antxoa latekin egina dagoen artelana. Horrez gain, 2020ko Gabonetarako ere egin zituen zenbait apaingarri udalaren enkarguz; tartean, manta-arraiak eta baporeetan zintzilikatzeko argidun sareak.
Azken Gabon hauetarako zuhaitzetan jartzeko otarrainxkak sortu ditu, baina ez zuen asmo hori hasieran: "Arrain itxurako apaingarriak egitea zen gure intentzioa. Sorkuntza prozesuan, ordea, arazo tekniko bat sortu zitzaidan: materialak ez zuen uzten kolarekin ondo lan egiten, ez zen behar bezala itsasten. Bestalde, ikuspegi mekanikotik, arrain itxurako piezak oso hauskorrak ziren".
Zailtasun horiez gain, lanerako denbora-tarte murritza izan zuela azaldu du artistak. Hala, esku artean zuen materiala otarrainxka itxurara hobeto moldatzen zela ikusi zuen.
Apaingarriek herrian sortutako erreakzioen eta txantxen berri izan du Eizagirrek, eta ondo hartu ditu kritikak. "Artista batek jakin behar du denen gustura ezin dela lan egin...".