Iñaki Olidenen idi pareak denboraldiko bigarren garaipena lortu du Billelan

Iñigo Gaiton: " 2021ko aza. 23a, 16:33

Atzo jokatu zen San Andres Sariaren bigarren jardunaldia Mungiako Billela auzoan. Olidenen idiak 63 plaza eta 2,45 metro eginda gailendu ziren.

Atzo iluntzean, XXIII. San Andres Saria Kintopeko Probak jokatu ziren Mungiako (Bizkaia) Billela auzoan. Zortzi idi parek parte hartu zuten lehiaketan, larunbatean eta astelehenean egin ziren bi jardunalditan banatuta.

Iñaki Olidenen idiek atzo izan zuten lanerako txanda, eta denboraldiko bigarren garaipena lortu zuten. Kontentu agertu da idi-zalea, proban gailendu eta hurrengo egunean: "Larunbatean Errezilgo Bixkiren idiek jarri zuten marka onena: 57 plaza. Atzoko jardunaldian, Lopategiren pareak 61 plazatan jarri zuen marka aurrena, ondoren La Cruzen idiek 61 plaza eta erdi egin zituzten, eta hirugarren txandan 63 eta 2,45 metroraino igo genuen langa guk", azaldu du idi-zaleak.

Haien ondoren atera ziren Txinloren idiak; hain zuzen ere, Aian nagusitu zen parea. "Gure marka hobetzeko itxurarekin egin zituzten lehen minutuak, baina amaiera aldera bete egin ziren animaliak, eta ezina etorri zitzaien. Guk bezala, 63 plazara iritsi eta buelta hartzea lortu zuten, baina metro gutxiago egin zituzten".

Azken unera arte ez zuten jakin irabazlea nor zen. "Diferentzia hain txikia izanik, ez genuen jakin proba nola erabaki zen epaileek neurketa egin eta azken parearen emaitza bozgorailuetatik entzun arte".

Garaipena lortzeko gakoa zein izan zen ere azaldu du: "Txapelketetan inoiz ibili gabeko uztarri batekin aritu ginen, eta idiak ondo jarri genituen. Horrek asko lagundu zigun. Bestalde, hirugarren txandan aterata, lortu genuen erritmo egokia bilatzea, idiak gehiegi estutu gabe, baina marka ona eginez".

Pare-parean denak
Aurtengo bigarren garaipena du Olidenek Billelan lortutakoa. "Berdintasun ikaragarria dago aurten aurrean gabiltzanen artean. Bina txapel irabazi ditugu Txinlok, Lacruzek eta guk. Lopategi ere hortxe ibili da beti, gure parean, baina ez du gailentzea lortu oraindik", eman du jakitera.

Idi-zalearen esanetan, pare ona du aurtengoa, baina aurreko denboraldietan ibili izan balira, garaipen gehiago lortu zituzten. "Maila ikaragarria dago aurten. Rubio eta Gorri beste urteren batean atera izan balira, zalantzarik gabe, txapela gehiago lortuko genituen. Marka oso onak ari dira lortzen bi idiak, baina besteak ere oso fin dabiltza".

Aurrera begira jarrita, abenduaren 6 eta 7an Azkoitian egingo den proban du burua Olidenek. "Azkena izango da. Gero, Gipuzkoako 3 onenek Saizar finala jokatuko dugu urtarrilean. Dagoeneko erabaki da zein sailkatu garen finalerako: Bixki, Olazar eta gu geu", eman du jakitera.

Azpialdean, atzoko sailkapena:

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide