Orioko Udalak azken asteetan hainbat berrikuntza egin ditu Karela kiroldegian, zerbitzua hobetzeko intentzioarekin. Batetik, eskailera berria jarri du eraikinaren atzealdean, teniseko pistaren ondoan; eta bestetik, eguzki plakak jarri ditu solarium deituriko gunean. Eskailera erabilgarri dago dagoeneko; eguzki plakak, ostera, hila bukatu aurretik jarri nahi dituzte martxan. Horiek sortzen duten energia igerilekuko ura berotzeko erabiliko dute.
Udalak argindar kontsumoaren inguruko azterketa egin zuen duela hilabete batzuk, eta azterketa horrek erakutsi zuen energia gehien gastatzen duten herriko bi guneak kiroldegia eta kanpina direla, batez ere, ura berotzeko sistemengatik. Ondorioz, kiroldegian eguzki panelak jartzea erabaki zuen, eta horiek sortzen duten argindarra erabiltzea ura berotzeko. Modu horretan, Energia Plana bete eta iturri berriztagarrien erabilera indartu du.
Panelak solarium deituriko gunean jarri dituzte, teniseko pistaren alboan, eta udalak herritarrei eskatu die eremu hori errespetatzeko, alegia, hara ez inguratzeko, kalte materialik eragin ez dezaten.