Zaragueta eskolako kanpo-eremua herritarrentzako zabalik izango da asteburu eta jaiegunetan

Juan Luis Romatet

Zaragueta Herri Eskolako eremua herritarrei zabaltzeko akordiora heldu dira ikastetxea eta Orioko Udala. Urriaren 2tik aurrera egongo da eremu hori herritarrentzako zabalik, asteburuetan eta jaiegunetan.

Eskoletako jolastokiak haur zein gazteentzako aisialdirako gune aproposak izan daitezke. Horrez gain, eskola ordutatik kanpo ere familien topaleku ere bihurtzen dira. Hori dena kontuan hartuta, ikastetxeko kanpo-eremuak herritarrei zabaltzeko aukera adostu dute Zaragueta eskolak eta udalak. Asteburu eta jaiegunetan izango da gune hau zabalik, goizeko 10:00etatik 20:00etara bitartean. Hori bai, kanpo-eremuak zabalik izango diren bezala, eraikina bera eta komuna itxita egongo dira.

Orioko Udalak azpimarratu duenez, guztien ardura izango da eremu hori behar bezala erabiltzea eta txukun mantentzea, "herriko gainontzeko eremuak bezala". Gaineratu du eskolak eta udalak berak jarraipena egingo diotela kanpo-eremu honen erabilerari, "sortu daitezkeen arazoak aztertu eta elkarrekin bideratzeko".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide