Karela kiroldegiko langileek "hitzarmen duin bat" aldarrikatu dute

Iñigo Gaiton 2021ko ira. 29a, 17:30

Mobilizazioa egin dute arratsaldean langileek, "zentroko hitzarmena" aldarrikatzeko helburuarekin. Bihar bilduko dira udalarekin eta BPXport enpresarekin.

Karela kiroldegiko langileek kale agerraldia egin dute arratsaldean. Kiroldegi aurrean bildu dira, "hitzarmen duin bat" aldarrikatzeko helburuarekin. ELA sindikatuak egin du mobilizaziorako deialdia, eta langileen erantzuna zabala izan da. Sindikatuak nabarmendu du "lan baldintza duinak" bermatuko dituen hitzarmen baten alde hasi direla borrokan, eta helburua bete arte "mobilizatzen jarraitzeko asmoa"  dutela. 

Aurrekariak
2019an, Karelako langileak "zentroko hitzarmen bat" negoziatzen hasi ziren kiroldegiaren kudeaketaren ardura duen BPXport enpresarekin. 2020an, izurritearen ondorioz, negoziazioek etena izan zuten. 2021. urtearen hasieran, ELA udalarekin eta BPXport-ekin biltzen hasi zen berriro, "langileek azken bederatzi urteetan galdutako eros-ahalmenaren zati bat" berreskuratzeko asmoarekin. 

Bestalde, otsailean, 2020 eta 2021eko soldatak eguneratzeko langileei ordaindu beharreko kontraprestazio ekonomikoa onartu zuen Orioko Udalak osoko bilkuran. Sindikatuak salatu duenez, soldaten eguneraketa hori ere "atzeratu" egin da: "Udalak 2021eko irailaren 16an egin zion ordainketa enpresari, baina langileek ez dute ezer jaso oraindik". 

Bermerik ez
Kiroldegiko langileek eta BPXport enpresak hitzarmen bat adostu dute, udalaren onespenarekin. Baina sindikatuak salatu duenez, «BPXport-ek ez du sinatu oraindik». Horren ondorioa da, besteak beste, "langileek bermerik ez izatea, haien lan baldintzak hobetuko direla ziurtatzeko". Halaber, sindikatuaren arabera,  2021 eta 2022ko soldaten eguneraketak ere ez dituzte bermatuta: "Indarrean dagoen hitzarmenaren soldata 2012tik jasotzen dutena da". 

Bihar "bilera garrantzitsua" egingo dute udalarekin eta BPXport enpresarekin batera, aferari "konponbide bat" bilatzen saiatzeko: "Udalari baliabideak eskatuko dizkiogu, enpresak hitzarmena aplikatzeko modua izan dezan. Bestetik, duela urte eta erdi hartutako konpromisoa betetzeko eskatuko diogu enpresari". 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide