Tamaina hartua dio Jokin Eizmendi harri-jasotzaile zarauztarrak Igeldoko Harriari. Zazpigarrenez irabazi zuen atzokoan txapelketa entzutetsua, hamazazpi altxaldirekin. Ostolazaren harri eskolan jarduten denak koska atera zien, gainera, gainontzeko harri-jasotzaileei, bigarrenak hiru altxaldi gutxiago egin baitzituen. Mikel Lopetegi Urra zarauztarra geratu zen bigarren, 134 kiloko harri baldarra hamalau aldiz jasota.
Horrela geratu zen sailkapena atzokoan:
1- Jokin Eizmendi 17 jasoaldi.
2- Mikel Lopetegi Urra 14 jasoaldi.
3- Beñat Telleria 14 jasoaldi.
4- Gorka Etxeberria 13 jasoaldi.
5- Aimar Galarraga 12 jasoaldi.
6- Paulo Azpiazu 10 jasoaldi.
7- Alex Merlo 8 jasoaldi.
Datorren urtean, Uliako harria
Harri-jasotzaileak lanean jarri aurretik, Uliako harria aurkeztu zuten atzoko txapelketan. Datorren urtean, emakumezkoek ere parte hartuko dute txapelketan, eta horiek Uliako harria altxatu beharko dute, 70 kiloko harri baldarra. Aurkezpenean izan ziren Joseba Ostolazaren eskolako lau harri-jasotzaile: Udane Ostolaza, Aroa Sanchez, Naiara Zumeta eta Ane Zinkunegi.
Argazkiak: Ibon Errazu